Itxi

Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Garesen abiatu da

Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa! Hasi da 21. Korrika!

eitb.eus

Euskararen aldeko lasterketa Garesen abiatu da, 17:00etan. 2.560 kilometro egingo ditu lekukoak Gasteizera iritsi arte. Zuzeneko streaminga topatuko duzu eitb.eus-en, 24 orduz.

1:22
Korrika Nafarroan

Korrikak klika egin du, eta ttipi-ttapa dabil jada Euskal Herriko kaleetan zehar. 17:00etan abiatu da euskararen aldeko lasterketa Gareseko Julian Mena plazan, milaka pertsonaren aurrean, lekukoaren barruan Gasteizen irakurriko den mezua sartu ondoren, eta Nafarroan barrena emango du lehen eguna. Besteak beste, Deikaztelu, Sesma eta Lodosa igaro ditu.

Lehen kilometroan, Izarbeibar eta Mañeru ibarretako 16 herrietako 16 ordezkarik eraman dute lekukoa.

Korrika 17:00etan hasi arren, Garesen goizean goizetik izan dute festa. Besteak beste, Anabel Arraizak gidatutako hasiera ekitaldi ofizialean Demode Quartet taldearen parte-hartzea izan dute.

Apirilaren 4tik 14ra Euskal Herri guztia zeharkatuko du 21. Korrikak. Iruñea izango da Korrikak harrapatuko duen lehen hiriburua; Gasteiz, berriz, azkena.

Hurrengo 10 egunetan 2.560 kilometro egingo ditu lekukoak Gasteizera iritsi arte. Baina, beste behin ere, Korrikaren mezua mundu osora zabalduko da, mundu osoan barrena baitaude euskararen alde klika egin duten euskaltzaleak.

28 hiritan egingo da (edo burutu da dagoeneko) lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat, Etxepare Euskal Institutuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Europan, 15 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Polonian…), eta 11 Hego eta Ipar Amerikan; nagusiki, Argentinan, AEBetan eta Txilen. Herrialde hauetan indar handia du euskal diasporak. Asian eta Ozeanian, berriz, Shanghain eta Sydneyn antolatu dituzte ekintzak bertako Euskal Etxeek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, autengo leloak erakundeak eta, orokorrean, gizartea gonbidatu nahi ditu jende guztiaren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzera: "Konpromisoak hartzeko garaia da".

 

Korrika, EiTBn

Bestalde, EiTBko hedabide guztiek, gainerako euskal komunikabideekin elkarlanean, Korrikari buruzko informazioa emango dute.

ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean saio bereziak egingo dituzte lehen eta azken egunean, eta zuzeneko konexioak egunero.

Halaber, eitb.eus 24 orduz ari da lasterketaren berri ematen, streaming bidez. Horrez gain, atari berezia prestatu dute Korrikaren jarraipena egiteko.

Bertan topa daitezke ibilbidearen nondik norakoak, lasterketaren inguruko berri guztiak, bideoklipak nahiz bideo eta argazki onenak.


  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena