Zinemaldia
Jarraipen zabala
Zinemaldiaren leihoa zabalduko du EITBk
Erredakzioa
Irailaren 29ra bitartean, Donostiako zine jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez.
Ostiralean abiatuko den 60. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren berri zabal emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta eitb.com-en irailaren 21etik 29ra bitartean.
Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB-1en eta eitb.com-en eskainiko dira zuzen-zuzenean; itxiera ekitaldi honetan, 60. urteurreneko Donostia Sari berezia jasoko du Dustin Hoffman aktoreak gainera. Donostia Sarien beste hiru gala ere egingo dira: hilaren 23an Oliver Stone eta John Travoltari, hilaren 27an Ewan McGregorri eta hilaren 28an Tommy Lee Jonesi. Hirurak zuzenean izango dira ikusgai eitb.comen, eta hilaren 23koa ETB-1en ere emango da, 23:00etan.
ETBko albistegiek lan-talde zabala izango dute Donostiako Zinemaldiaren berri ematen. Zuzeneko, erreportaje eta elkarrizketa bidez bertatik bertara jarraituko dute hitzordu garrantzitsu hau, albiste den guztia ez ezik, ikusgai ez diren kontuak ere ikusleei erakutsiz. Arreta berezia eskainiko diote Sail Ofizialean aurkeztuko diren filmeei eta, noski, Donostiara etorriko diren zine munduko izarrei.
Zinemaldiaren zuzeneko kontaketa 'Euskadi Directo' saioaren bi edizioetara zabalduko da. Zinema jaialdiaren inguruko bitxikerietara hurbilduko gaituzte, ekitaldi ezberdinetako giroaren berri emango dute eta Donostiara datozen famatuen jarraipena egingo dute.
'EITB Kultura' saioa Zinemaldiaren inguruko edukiak jorratzen ari da jada. Zinemira Saria eskuratuko duen Michel Gaztanbide gidoigile donostiarra eta Oskar Alegria iruindarraren Emak Bakia dokumentala izan dira aste honetako protagonistak. Datorren asteko edizioan, berriz, Kimuak bilduman aurkeztuko diren film laburrei erreparatuko diete.
Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin
Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, goizeko 11:30etik aurrera, konexio bereziak egingo dituzte Miren Rubio lankidearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaletuen iritziak ezagutuko dituzte berarekin. 16:30etik aurrera, berriz, Mertxe Ezeizak gidatuta ordu erdiko saio bereziak eskainiko dira Euskadi Irratiko setetik. Analisiak, iritziak, hausnarketak eta mahai inguru bereziak osatuko dituzte Donostian bizi den giroa entzuleei helarazteko.
Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Felix Linares eta Marijo Villaverde berriemaile bereziekin konexioak egingo dituzte egunero albistegietan eta saio nagusietan, 'Boulevard', 'Graffiti' eta 'Ganbara'n. 'Kultura.com' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zine jaialdiaz egunero.
Webgune berezia eitb.com-en
Telebista eta irrati kateekin batera, eitb.com atariak ere jarraipen estua egingo du Internet erabiltzaileak informatzeko. Atal berezi bat izango dute webgunean, Zinemaldiaren berri guztiak bilduz. Albisteak, izarren bideoak, argazkiak... Xabier Doncel kazetaria izango dute Zinemaldia jarraitzen Donostian bertan, sekzio ofizialeko pelikulak ikusiz, prentsaurrekoak jarraituz, izarren peskizan...
Bestalde, Zinemaldiko gala guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da eitb.com-en: irekiera, itxiera eta Donostia Sarien hiru galak.