Zinemaldia
Izarrak
Richard Gere eta Susan Sarandon, elkarrekin Donostian
Erredakzioa
Bi aktoreek Arbitrage pelikula aurkeztuko dute gaur, Sail Ofizialean. eitb.com-ek zuzenean eskainiko du inaugurazio ekitaldia, 21:00etatik aurrera.
Gaur gauean abiatuko dute Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioa. Zinemaldi historikoa izango da aurtengoa, estreinakoz bost Donostia sari emango baitituzte. Alfonbra gorrian, gainera, izar andana ikusiko dugu, eta izen ezagunen zerrendak ikusmin handia piztu du hirian. Richard Gere eta Susan Sarandon izan dira lehenetarikoak Donostiara iristen, Arbitrage azken lanarekin Sail Ofiziala irekitzeko. Dagoeneko elkarrekin agertu dira Donostian.
Jendetza zain, gauerdian
Gauerdia baino zertxobait lehenago iritsi da ostegun honetan Richard Gere Donostiara, eta jendetza zuen hotelean zain, aktore ezaguna agurtu eta autografoa lortzeko. Hainbat minutuz agurtu ditu Gerek bertan bildutakoak eta, jarraian, Maria Cristina hotelera sartu da, Carey Lowell emaztearekin eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarekin. Aktoreak eskertu egin du bertan bildutakoen harrera.
Guggenheim museora bisita
Susan Sarandon aktorea ere atzo iritsi zen Donostiara, bere semearekin eta bi ahizparekin. Aurretik, baina, Guggenheim Bilbao museora egin zuten bisita.
Aurretik Donostia saria jasotakoak
Arbitrage Europan eskainiko duten lehen aldia izango da gaur gauekoa, eta baita Susan Sarandonen eta Richard Gereren itzulera Donostiara. Izan ere, Donostia saria jaso dute aurretik bi aktoreek: Sarandonek 1995an, eta Gerek, 2007an.
Inaugurazio ekitaldia, zuzenean, eitb.com-en
Irailaren 29ra bitartean egingo dute Zinemaldiaren 60. edizioa, eta eitb.com-ek tarte zabala eskainiko dio jaialdiri. Halaber, zuzenean emango ditu aurtengo edizioko gala guztiak. Gaur gauean, 21:00etan, zuzenean eskainiko du inaugurazio ekitaldia.