Itxi

Zinemaldia

Gauean, sari-banaketa

'Edurnezuri' eta 'Etxean', Urrezko Maskorra irabazteko faboritoak

Erredakzioa

Hemendik ordu gutxitara 2012ko Donostiako Zinemaldiko irabazleen izenak ezagutzera emango dituzte. Halaber, gauean izango den ekitaldian Donostia saria jasoko du Dustin Hoffmanek.

  • 'Edurnezuri' (eskuina )eta 'Etxean' (ezkerra) filmeen irudiak. Argazkia: EFE

    'Edurnezuri' (eskuina )eta 'Etxean' (ezkerra) filmeen irudiak. Argazkia: EFE

Donostiako Zinemaldiko azken txanpan gaude eta balizko irabazleen gaineko kinielak egiteko unea da. Film onenaren Urrezko Maskorra irabazteko faboritoak, funtsean, bi dira: Pablo Bergerrek zuzendutako Edurnezuri, eta François Ozonen Etxean filmea.

Zuri-beltzean eta soinurik gabe egindako Grimm anaien bertsio iraultzailea aurkeztu du Zinemaldian Bergerrek. Edurnezuri filmeak Espainia ordezkatuko du Oscar sarietan, eta txalo beroak lortu ditu Donostian proiektatu dutenean. Hala ere, Maribel Verduren antzezpen paregabeak filmearen aurka jo dezake, izan ere, baliteke Verduk emakumezko aktore onenaren saria irabaztea eta filmea gainontzeko sari nagusi gabe geratzea.

Zinema adituen arabera faboritoa den beste filmeak, Etxean, FIPRESCI saria eskuratu berri du Toronton eta litekeena da arrakasta hau Donostian errepikatzea. Gainera, Artista eta modeloa, Kapitala, Fasel Kargadan eta Atentatua filmeak hainbat sari lortzeko kontuan hartzeko pelikulak dira. Bestalde, huts egin duten filmeak Foxfire, Berriz jaiotzea eta Hipnotista dira.

Emanaldia, zuzenean

Gaur gauean, 21:00ak aldera, epaimahaiak zalantza guztiak argituko ditu eta 2012ko Zinemaldiaren irabazleen izenak jakitera eman ditu. Ondoren, Dustin Hoffmanek egindako lehen lana proiektatuko dute (Quartet), eta aktore estatubatuarrak 2012ko bosgarren Donostia saria jasoko du. EITB.COM-ek zuzenean eskainiko du Zinemaldiko itxiera-ekitaldia.