Zinema
Goya sariak
'La isla mínima' hazi da eta Karra Elejalde saritu dute, Goya sarietan
Natxo Velez | eitb.eus
Alberto Rodriguezen filma protagonista izan da, 10 sari bereganatuta. “Ocho apellidos vascos”ek hiru sari irabazi ditu, besteak beste Karra Elejalderi antzeztaldeko aktore onenarentzat emandakoa.
?La isla mínima? 80ko hamarkadako Andaluzian girotutako triller-a, ukitu politikoa duen istorioa, izan da Goya sarien 29. edizioko protagonista nagusia; izan ere, 17 izendapen zituen lanak hamar sari bereganatu ditu azkenean. Besteak beste, film onenaren saria (?Loreak?i gailendu zaio honetan), zuzendari onenarena (Alberto Rodríguez) eta gizonezko aktore nagusiarena (Javier Gutíerrez) eraman ditu andaluziar lanak.
Horiez gain, jatorrizko gidoi onenaren, emakumezko aktore berri onenaren (Nerea Barros), jatorrizko musikaren (?Loreak?en Pascal Gaingnek egindako lana zuen, besteak beste, lehiakide atal honetan), argazkilaritza onenaren (Kalo Berridik ?Ocho apellidos vascos?en egindako lana gainditu du), editatze onenaren, zuzendaritza onenaren eta jantzi onenen sariak ere irabazi ditu.
Bestalde, Karra Elejalderentzat izan da ?Ocho apellidos vascos? lanak irabazi dituen hiru sarietako bat. Gainera, hiru sariok atal artistikoei egokitu zaizkie, aktoreen lanari hain zuzen ere: Carmen Machi antzeztaldeko emakumezko aktore onena izan da eta Dani Rovira, beharbada luzeegi -hiru ordu eta erdi, gutxi gorabehera- jo duen gala aurkezteko ardura izan duen umorista, gizonezko aktore berri onena.
Halaber, ?El niño?k, beste faborito nagusiak 16 izendapen baitzituen, lau Goya irabazi ditu: ekoizpen zuzendaritza onena, soinua, efektu bereziak eta kantua: ?Niño sin miedo?. Azken atal horretan, Fernando Velazquez bizkaitarrak ?Ocho apellidos vascos?erako eginiko kantua zuen aurkari, eta irabazi egin dio.
?Mortadelo y Filemon contra Jimmy el Cahondo?k animaziozko film onenaren Goya saria irabazi du, baita gidoi egokitu onenarena ere. Boto-emaileen aburuz, ?Magical Girl? (Carlos Vermut) iazko Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen pelikulak sari bakarra merezi izan du: Barbara Lenniek jaso du, urteko emakumezko aktore onenak.
Barbara Lennierentzat izan da emakumezko aktore onenaren Goya saria
Euskal zinema
?Loreak? bi saritarako izendatuta zegoen, baina esku hutsik itzuliko da Euskal Herrira; ?Ocho apellidos vascos?, berriz, hiru ataletan izendatuta zegoen, eta hiru garaikur bildu ditu. Film laburren eta musikaren sailetan, bina euskal izendapen zeuden, ?Sangre de unicornio? (Alberto Vázquez) eta ?Loco con ballesta? (Kepa Sojo) eta Pascal Gaigne eta Fernando Velazquez, hurrenez hurren, baina ez da zorterik izan ez atal batean ez bestean. ?Dixie eta matxinada zonbia? ere saririk gabe gelditu da, animazioari dagokionez.
Ohorezko Goya, Antonio Banderasentzat
Antonio Banderas Malagako aktoreak Ohorezko Goya saria jaso du Pedro Almodovar zinemagilearen eskutik, eta, aurkezpenean, Mantxako zinemagileak ?zinemako jendearen? multzotik at utzi du Jose Ignacio Wert ministroa, hau aurrean zuela.
?Erdipurdikokeriari aurre egiteko modu bakarra kulturaren balioetara jotzea da?, esan du Banderasek hunkituta, eta ?Espainiako kulturaren izen handiak? ekarri ditu gogora, hala nola Pablo Picasso, Francisco de Goya, Antonio Machado edo Federico Garcia Lorca. Mintzaldia bukatzeko, alabari barkamena eskatu dio aktoreak, ?lanbideak eragindako absentziengatik?.
Irabazleak
Hau da 2015eko Goya sarien palmaresa:
FILMIK ONENA
'La isla mínima'
ZUZENDARIRIK ONENA
Alberto Rodríguez, 'La isla mínima'
ZUZENDARI BERRIRIK ONENA
Carlos Marquet-Marcet, '10.000 kilómetros'
JATORRIZKO GIDOIRIK ONENA
Alberto Rodríguez eta Rafael Cobos, 'La isla mínima'
GIDOI EGOKITURIK ONENA
Javier Fresser, Cristóbal Ruiz eta Claro García, 'Mortadelo y Filemón contra Jimmy el Cachondo'.
JATORRIZKO MUSIKARI ONENA
Julio de la Rosa, 'La isla mínima'
JATORRIZKO ABESTIRIK ONENA
'Niño sin miedo', India Martínez, Riki Rivera eta David Santisteba ('El niño')
GIZONEZKO AKTORE NAGUSIRIK ONENA
Javier Gutiérrez, 'La isla mínima'
EMAKUMEZKO AKTORE NAGUSIRIK ONENA
Bárbara Lennie, 'Magical Girl'
ANTZEZTALDEKO GIZONEZKO AKTORERIK ONENA
Karra Elejalde, 'Ocho apellidos vascos'
ANTZEZTALDEKO EMAKUMEZKO AKTORERIK ONENA
Carmen Machi, 'Ocho apellidos vascos'
GIZONEZKO AKTORE BERRIRIK ONENA
Dani Rovira, 'Ocho apellidos vascos'
EMAKUMEZKO AKTORE BERRIRIK ONENA
Nerea Barros, 'La isla mínima'
EKOIZPEN ZUZENDARITZARIK ONENA
Edmon Roch eta Toni Novella, 'El niño'.
ARGAZKILARITZA ZUZENDARITZARIK ONENA
Alex Catalán, 'La isla mínima'
EDITATZERIK ONENA
José M. G. Moyano, 'La isla mínima'
ZUZENDARITZA ARTISTIKORIK ONENA
Pepe Domínguez, 'La isla mínima'
JANTZI DISEINURIK ONENA
Fernando García, 'La isla mínima'
MAKILLATZE ETA ILE-APAINTZERIK ONENA
José Quetglas eta Carmen Veinat, 'Musarañas'
SOINURIK ONENA
Marc Orts, Oriol Tarragó eta Sergio Bürmann, 'El niño'
EFEKTU BEREZIRIK ONENA
Raúl Romanillos eta Guillermo Orbe, 'El niño'
ANIMAZIOZKO FILMIK ONENA
'Mortadelo y Filemón contra Jimmy el Cachondo'
FILM DOKUMENTALIK ONENA
'Paco de Lucía: la búsqueda', Curro Sánchez
FILM IBEROAMERIKARRIK ONENA
'Relatos Salvajes', Damian Szifron
EUROPAR FILMIK ONENA
'Ida' (Polonia), Pawel Pawlikowsky
FIKZIOZKO FILM LABURRIK ONENA
'Café para llevar', Patricia Font
ANIMAZIOZKO FILM LABURRIK ONENA
Juan y la nube', Giovanni Maccelli
FILM LABUR DOKUMENTALIK ONENA
'Walls (Si estas paredes hablasen'), Miguel López Beraza