Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

69. edizioa

"Maixabel" filma Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da

N. V. | EITB Media

Donostiako zinema jaialdiak iragarri duenez, Iciar Bollain zinemagileak Maixabel Lasaren bizipenen inguruan eraikitako pelikula Urrezko Maskorra irabazteko bidean izango da.

1:35
Maixabel Lasa. EITB Mediaren bideo batetik hartutako bideoa.

Maixabel Iciar Bollainek zuzendutako lana Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatuko da irailaren 17tik 25era, zinema jaialdiaren arduradunek gaur iragarri dutenez.

EITBren parte-hartzea duen filmean, Blanca Portillo aktorea Juan Mari Jauregi ETAk hildako buru sozialistaren alarguna da, eta Luis Tosarrek atentatuaren arduradunetako baten papera egin du. Horrela, 2011n Langraiz bideak ekarri zituen topaketak dira filmaren ardatza, Maixabel Lasak senarraren hiltzaileekin batzea eragin zutenak.

Bestalde, lehian izango diren euskal ekoizpenei dagokienez, Heltzear Mikel Gurrearen film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da. Hain zuzen ere, Kimuak katalogoan ere badagoen lan hau Veneziako zinema jaialdiko Orizzonti saileko film laburren lehiaketan ere izango dela iragarri dugu aste honetan. Indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorioa dela aurreratu du Zinemaldiak.

Sail Ofiziala

Euskal ekoizpenez haraindi, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira El buen patrón, Fernando León de Aranoarena, Javier Bardem protagonista duena; La abuela, Paco Plazarena, Carlos Vermuten gidoiarekin; eta Quién lo impide, Jonás Truebarena, izenburuan Rafael Berrio donostiar musikariari keinu egiten diona.

Lehiaketaz kanpo baina Sail Ofizialean egongo dira Manuel Martín Cuencaren La hija, Patricia Lopez Arnaiz protagonista duena; Alejandro Amenabarren La Fortuna telesaila; Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil film laburra; eta Daniel Monzonen Las leyes de la frontera, Zinemaldiari amaiera emango diona.

Dagoeneko jakina zen Sail Ofizialean parte hartuko duten hainbat zinemagileren izena: Inés Barrionuevo, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Tea Lindeburg, Claudia Llosa eta Claire Simon.

Beste batzuk

Zinemaldiak aurtengo edizioan egongo diren Espainiako Estatuko ekoizpenak aurkeztu ditu gaur.

New Directorsen, Josefina izango da, Javier Marco errealizadoreak eta Belén Sánchez-Arévalo gidoilariak osatutako tandemaren lehen lana, Emma Suárez eta Roberto Álamo protagonista direla.

Horizontes Latinos sailaren Piedra noche Iván Funden lana egongo da ikusgai, Zabaltegi-Tabakaleran Eles transportan a morte Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren lehen film luzea –"oso kritikoa da kolonizazioarekin", Zinemalditik ohartu dutenez–.

Perlak atalean Competencia Oficial filma emango dute. Oscar Martínez, Penélope Cruz eta Antonio Banderas ditu protagonista filmak, eta Nagore Aranburu eta Koldo Olabarri euskal aktoreek ere parte hartu dute.