Itxi

telebista

Audientziak

ETBk indarra hartu du maiatzean eta %13,6ko sharea lortu du

A.H.

EITB

'Teleberri' albistegien artean audientzia buru izan da maiatzean, eta 'El Conquistador del Fin del Mundo', 'La Noche de...', '60 Minutos' eta ETB1eko kirol emanaldiek ere datu onak lortu dituzte.

ETB taldeak indarra hartu du maiatzean eta %13,6ko audientzia zatiarekin itxi du hilabetea, pasa den urteko maiatzean baino 0,6 puntu gehiagorekin. ETB2k %9,3ko audientzia zatia lortu du, ETB1ek %2,3, ETB3k %0,9 eta ETB Sat kateak %1,1. Hilabete honetan lortutako datuei esker, telebista talde autonomikoen artean bigarren postuari eutsi dio ETBk.

'Teleberri'k albistegien artean lidergoari eutsi dio maiatzean, 22 hilabeteren buruan. %16,4ko sharea eta 224.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu.

Aipatzekoa da, gainera, maiatzak 25eko hauteskunde gauean ETB lider izan zela %16,2ko sharea eta 764.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortuz. ETB2ko albistegi bereziak %13,2ko audientzia zatia izan zuen eta 628.000 ikus-entzulek egin zuten programarekin bat emisioan zehar. ETB1en, bestalde, Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak gidatutako saioak %8,3ko sharea izan zuen euskaldunen artean, eta 136.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.

'El Conquistador del Fin del Mundo'

Julian Iantzik aurkeztutako realitya ere nabarmendu da maiatzean. Igande honetan (ekainak 1) amaitu da 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren hamargarren edizioa, eta audientzia datu oso onak lortu ditu: %19,3ko zatia eta 201.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan.

Azkeneko edizioa Eneko Van Horenbeke Bilbao lehiakidearen garaipenarekin amaitu da. Lehiaketaren finalak %19,3ko audientzia zatia eta 406.000 ikus-entzule izan ditu.

ETB1eko kirol emanaldiak

Maiatzean lehen mailako kirol emanaldiak eskaini ditu ETB1ek: Italiako Giroa, Binakako Txapelketaren finala, eta Eibar futbol taldeak Lehen Mailara igoera lortzeko azken jardunaldietan jokatutako partidak hain zuzen ere.

Italiako Giroa igandean amaitu zen, hiru aste t'erdiko lehiaketa izan da, eta audientziak interes handiarekin jarraitu ditu lasterketaren 21 etapak. Etapen emanaldiak %4,9ko audientzia zatia izan du, eta %8,1eko kuota lortu du euskaldunen artean. 139.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du aurtengo Giroak.

Bestalde, Olaizola II-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola bikoteek jokatutako txapelketako finala bere ordu tartean nagusi izan zen, eta %23,5eko audientzia zatia lortu zuen. Euskaldunen artean %40,3ko zatia izan zuen, eta 267.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Eibarrek azkeneko jardunaldietan jokatutako partidei dagokienez, Alaves taldearen kontra pasa den asteburuan jokatutako partida erabakigarriak izan zuen audientziaren jarraipen handiena. Norgehiagoka bere ordu tartean nagusi izan zen %14,5eko audientzia zatiarekin; euskaldunen artean %18,9ko audientzia zatia izan zuen. Larunbat honetan, armaginek Lugoren kontra jokatu zuen partidak ere harrera ezinhobea izan zuen: %8,4ko audientzia zatia eta %14,1eko kuota lortu zuen euskaldunen artean.

'La Noche de...' eta '60 Minutos'

'La Noche de...' eta '60 Minutos' saioek ere audientziaren babesa jaso dute maiatzean. Felix Linaresek aurkeztutako zine saioak %13,7ko audientzia zatia lortu du hilabete honetan, eta 281.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du. Emanaldien artean, nabarmentzekoa da Ninja Assasin pelikularekin batera eskainitako saioa': %15,2ko audientzia zatia eta 311.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen.

'60 Minutos'ek maiatzean lortu du bere historiako daturik onena, 8 apellidos vascos pelikularen inguruko erreportajearekin. %13,5eko audientzia zatia eta 420.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen hain zuzen ere.