Bitxikeriak -
Ikerketa abiatu dute
Mutiko belgikar batek Brusela-Malaga hegaldia egin du, txartelik gabe
Belgikako hedabideen arabera, mutikoa eskolatik atera zen eta etxera ez bueltatzea erabaki zuen. Zuzenean aireportura joan zen, gurasoei ezer esan barik.
Erredakzioa
12 urteko mutiko belgikarrak Bruselako aireportuko segurtasun kontrol guztiak pasa eta eta Malagaraino bakarrik bidaiatzea lortu du, txartelik eta identitate agiririk gabe, Guardia Zibilak aditzera emandakoaren arabera.
Adingabea Malagan atzeman zuen Guardia Zibilak, Malagako aireportuan erdi galduta zebilela ikusita.
Nathalie Van Impe Bruselako aireportuko bozeramaileak esan duenez, aireportuko arduradunek ikerketa hasi dute mutikoa hegazkinean nola sartu zen jakiteko, adingabeek ezin baitute bakarrik bidaiatu baimenik gabe.
Gainera, mutikoak Poliziaren kontrola eta segurtasun kontrola inolako dokumentaziorik gabe pasa zituen.
Eskolatik aireportura
Belgikako hedabideen arabera, mutikoa eskolatik atera zen ostegunean eta etxera ez bueltatzea erabaki zuen. Horren ordez, hiriburuko aireportura joan zen, gurasoei ezer esan barik.
Malagara iritsita, Guardia Zibilak mutikoa atzeman eta ohiko protokoloa martxan jarri zuen.