Bitxikeriak -
Bere argazki bat erabili dute
Zarauztar bat, 'Clarin' egunkari argentinarrean protagonista
Zarauztar bat egunkari horretako webgunean sartu da, eta albiste batean bere burua ikusi du, albiste bitxi baten argazkian.
Erredakzioa
Demagun egun batean atzerriko egunkari baten webgunean sartu eta, albiste batean, zure argazkia ikusten duzula; inork baimenik eskatu gabe, zure irudia erabili dutela milaka pertsonak ikusiko duten albiste bati jartzeko. Edonor lotsarazteko moduko albiste bat da, gainera.
Hori da, hain zuzen ere, Mikel Astigarraga zarauztarrari gertatu zaiona, Clarin egunkari argentinarrean bera agertzen den argazki bat erabili baitute, berak jakin gabe. Albistea, honakoa: "Garagardoaren zaporeak gizonak kitzikatu egiten ditu".
Astigarragak Euskadi Irratian azaldu duenez, argazkia 2009. urtean egin zion norbaitek, berak jakin gabe, Eskozian errugbi partida bat ikusten zegoela. Argazkian irribarretsu agertzen da, "plazer aurpegiarekin", eskuan "garagardo eder" bat duela.
"Zarautzen bizi den argentinar batek deitu zidan, Clarin egunkaria ezagutzen nuen galdezka. Interneten sartzeko eskatu zidan, sorpresa bat topatuko nuelako. Sartu egin nintzen, eta garagardoari buruzko albiste bat zegoen, eta han nire lehen plano bat", kontatu du Astigarragak.
Argazkia Associated Press agentziarena da, eta salgai dute euren webgunean. "Ez zidaten baimenik eskatu, arraro samar iruditu zitzaidan".
Euskadi Irratiak Argazki Press agentziarekin hitz egin du, halako argazkiak egitea eta erabiltzea legezkoa ote den galdetzeko. Bertatik erantzun dutenez, argazkia leku publiko batean eginda badago, eta helburua informatzea bada, ez da legez kanpokoa eta ez dago zer salatu. "Beste kontu bat izango zen publizitatea egiteko erabiltzea", ohartarazi dute.
Zarauztarrak umorez hartu du gertatutakoa: "Han kanpoan zintzo-zintzo ibili beharra dago, badaezpada". Argazki kamerak noiznahi eta nonahi daude begira.