Bitxikeriak -
94 urte zituela
Matt Groeningen ama, Marge Simpson inspiratu zuen emakumea, hil da
Ilustratzaileak bere senitartekoak erabili zituen inspirazio iturri Simpsondarrak irudikatzeko, baina bere familiak ez duela marrazki bizidunetakoaren antz handirik esan du.
Erredakzioa
Margaret Groening 'Simpsondarrak' marrazki bizidunen sortzailearen ama hil da, 94 urte zituela. Matt Groening amarengan inspiratu zen Marge Simpson pertsonaia ezaguna sortzeko.
The Oregonian egunkariak jakinarazi duenez, Margaret Groening joan den apirilaren 22an hil zen Portlanden (AEB), lotan zegoela. Homer Groening marrazkilariarekin ezkondu zen, eta institutuko ingeleseko irakasle gisa lan egin zuen.
Gurasoen izenak (Margaret eta Homer) erabiltzeaz gain, bi arreba txikien izenak ere erabili zituen Matt Groeningek Simpson familiaren alabak izendatzeko: Lisa eta Maggie
"Bart" izena, berriz, 'brat'-en anagrama bat da (ingelesez "ume mimatua" esan nahi du). 1995ean egindako elkarrizketa batean aitortu zuenez, Mark anaia nagusia izan zuen gogoan pertsonaia hori egiteko. Horrez gain, ilustratzaileak esana du bere familiak ez duela marrazki bizidunetakoaren antz handirik.
Matt Groeningek 1980an hasi zuen ibilbide profesionala, Los Angeles Reader izeneko egunkari alternatibo batean 'Life in Hell' izeneko argitalpenarekin. 1989an, 'Simpsondarrak' marrazki bizidunen lehenengo emisioa izan zen, eta, 1999an, 'Futurama' estreinatu zuten.