Bitxikeriak -
Segurtasuna itsasoan
Australiako marrazoek Twitterren ematen dute euren kokapenaren berri
Zientzialariek transmisoreak jarri dizkiete ehunka marrazori, kostaldera gerturatzean, sare sozialean publikatuko den seinale bat igorri dezaten.
Erredakzioa
Australia Mendebaldeko marrazoek profil propioa dute Twitter sare sozialean. Australiako estaturik handiena munduko arriskutsuena da, marrazo kopurua kontuan hartzen bada. Arriskuak murrizteko, Twitterreko kontu batek marrazoen gertutasunaren berri emango du.
Alerten sistema sortzeko, zientzialariek espezie desberdinetako 320 marrazo baino gehiagori transmisoreak jarri dizkiete, tartean, tamaina handiko marrazo zuri batzuei.
Gailua daraman tiburoi bat hondartzatik kilometro bat baino gutxiagora gerturatzen denean, transmisoreak seinale bat bidaltzen du ordenagailu batera. Horrek mezu labur bat eratu eta Twitterren argitaratzen du. Mezuan, zein espezietakoa den, horren tamaina eta gutxi gorabeherako kokapena zehazten dira.
Helikopteroek, itsasontziek edota arrantzaleek eskainitako informazioa ere partekatuko da marrazoen sarean, baita zonaldeko itsas bizitzako argazkirik onenak ere. Arrisku handia badago, hondartzako kudeatzaileek alerta ezarri eta bainua debekatu dezakete.
Zientzialarien arabera, transmisoreen bateriek hamar urteko iraupena dute. Hori horrela, orain arte ezezaguna zen informazioa jaso ahal izango da, besteak beste, marrazoen ohiko ibilbideen inguruko xehetasunak.