Bitxikeriak -
Ikerketa zientifikoa
Bi pandak estatuburu baten gisako harrera jaso dute Belgikara heltzean
Elio Di Rupo lehen ministroaren arabera, "gertakizun handia" da "txinatarren altxor nazionalak" jasotzea.
Belgikako Gobernuak Txinatik bidalitako bi panda hartu zituen joan den igandean, estatuburu baten gisako ohoreak eginez. Bi pandak beraientzat bereziki prestatutako hegazkin batean iritsi ziren. Agintari txinatarrek propio "utzi" dizkiote Belgikari animalia hauek, eta hamabost urtez biziko dira bertan, Pairi Daiza zoologiko ospetsuan.
Elio Di Rupo lehen ministro belgikarraren esanetan, "gertakizun handia" da bi panda Belgikan izatea. Horrez gain, pandak "txinatarrentzat altxor nazionalak" direla kontuan izanik, berau "sinbolismo politiko handiko ekintza" dela nabarmendu zuen.
Bi hartz hauek Belgikako Ganteko Unibertsitatea egiten ari den ikerketa zientifiko baten parte izango dira. Ikerketaren helburua panda handien ugalketa-sistema aztertzea da, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea baita; 1.600 panda soilik daude munduan.
Hao Hao (emea) eta Xing Hui (arra) hartzek lau urte dituzte, eta banatuta edukiko dituzte zooan. Nahiz eta igandean bertan eraman zituzten euren bizileku berrira, datorren apirilaren 5era arte ez dituzte jendaurrean aurkeztuko, berrogeialdian jarri baitituzte.