Bitxikeriak -
Makakoak trebatu dituzte
Txinako Aire Armadak makako “batailoi” bat sortu du
Pistetatik gertu dauden zuhaitzetako habiak apurtzen eta txoriak uxatzen irakatsi diete, hegazkinak aireratzean eta lurreratzean istripurik ez izateko.
Erredakzioa
Txinako Askapenerako Herri Armadak makako talde bat trebatu du Pekindik gertu dagoen aire-base bat babesten laguntzeko. Txori gehiegi daude bertan, eta arriskuan jartzen dute hegaldien segurtasuna. Tximinoak arazo horri aurre egiteko trebatu dituzte.
Txinako Aire Armadaren webean emandako informazioaren arabera, pistetatik gertu dauden zuhaitzetako habiak apurtzen eta txoriak uxatzen irakatsi diete, hegazkinak aireratzean eta lurreratzean istripurik ez izateko. Nolanahi ere, agintariek ez dute zehatz adierazi ehiza-hegazkin horien basea non dagoen.
Denetarik egin dute basean hegaztiei aurre egiteko; su artifizialak bota, txorimaloak jarri eta su-armak erabili dituzte. Baina ezer ez da makakoak baino eraginkorragoa izan. “Txinako Armadaren arma sekretua” direla esan dute, ironiaz, web horretan.
Makakoek soldaduak bailiran betetzen dituzte entrenatzaileek txistuka ematen dizkieten aginduak, eta basetik gertu zeuden 180 habi baino gehiago hautsi dituzte jada, batez beste sei habi hautsi baititu makako bakoitzak.
Beste armada batzuek ere erabiltzen dituzte hezitako animaliak eliteko taldeetan. Washington Post egunkariak albiste horren berri eman duenean gogora ekarri duenez, AEBko Armadak, esaterako, izurdeak erabiltzen ditu minak aurkitzeko.
Laguntzaile onenak, baina, txakurrak dira. Inoiz izan den operazio delikatuenean, Osama bin Laden Al-Qaidako burua aurkitzeko operazioan, ere txakur bat erabili zuten; Cairo izeneko artzain-txakur belgikar bat.