Bitxikeriak -
Europako hauteskundeak
Atletico Madrileko zale batek hauteskunde mahaian ez egotea lortu du
Aurkeztu duen helegitean zortzi argudio eman ditu, eta, horien artean, ekitaldiaren ezohikotasuna jaso dute. Taldeak duela 40 urte jokatu zuen azken finala.
Erredakzioa
Jose Antonio Hernaez Atletico Madrileko zaleak pozteko bi arrazoi ditu. Lehenik eta behin, bere futbol taldea Txapeldunen Ligako finalera iritsi da, 40 urteren ostean, eta, bigarrenik, hauteskunde-mahaian parte hartu behar zuela jakinarazteko eskutitza jaso ondoren, Hauteskunde Batzordeak aintzat hartu du aurkeztu zuen helegitea, eta mahaian ez egotea lortu du.
Aurkeztu duen helegitean zortzi argudio eman ditu, eta, horien artean, ekitaldiaren ezohikotasuna jaso dute. "1974tik 36 ezkontzatan egon naiz. Ezkontza bat mahaian ez egoteko aitzakia bada, honek ere behar du, ezohikoa da eta", azaldu du.
"Hauteskunde-mahaiko ordezkoa nintzela jakinarazteko eskutitza astelehen batean jaso nuen, eta asteazkenean partidarako txartelak eskuratzeko hitzordua nuen", esan du. "Orduan, Madrileko Hauteskunde Batzordera deitu nuen eta nirea bezalako beste hainbat kasu zituztela eta nola konpondu ez zekitela esan zidaten", gaineratu du.
Horrez gain, zaleak partida larunbatean izango den arren Lisboara kotxez joateko asmoa dutela esan du, eta, hortaz, bidea 7 ordu baino gehiagokoa dela eta arazoak izan litezkeela azaldu ostean, "hauteskunde-mahaira iristeko arazoak" izango lituzkeela argudiatu du.
Horrekin guztiarekin, joan den maiatzaren 13an Hernaezek arrazoia ematen zion Hauteskunde Batzordearen erabakia jaso zuen.