Bitxikeriak -
Salmenta berezia
Futbol talde bat 1,2 eurotan salgai
Ingalaterrako Reading futbol taldea libera baten truke (1,2 euro) salgai jarri dute.
Anton Zingarevich enpresari milioidun errusiarrak salgai jarri du bigarren mailako Reading futbol talde ingelesa libera bateko prezioaren truke (1,2 euro). Zingarevichek taldeko akzioen %51a du.
Zingarevich 2012ko urtarriletik da Reading taldeko akziodun nagusia, hain zuzen, taldea Liga ingeleseko lehen mailara igozenean. Hala ere, taldea denboraldi batez bakarrik egon zen futbol ingeleseko lehen mailan, gero “Championship” izeneko bigarren mailara berriz jaitsi zelako. Denboraldi hau zazpigarren lekuan amaitu du kategoria horretan, guztira 71 puntu batuta.
“The Independent” egunkariaren arabera, Zingarevichek 25 milioi libera inbertitu ditu taldean sozio denetik, eta hurrengo urtean taldeak bigarren mailan jarraituko duela ikusita, bere akzioak saltzea erabaki du.
Zorra salmentaren barruan
“The Independent” egunkariaren esanetan, Zingarevichen erabakia “tranpa” bat da, hain zuzen, libera baten truke taldea erosten duenak, 38 milioi liberetako (47 milioi euro) zorra ordaindu beharko duelako.
Hala ere, oraindik ezer zehaztu gabe badago ere, iturri berdinen arabera India eta Israelgo magnate milioidunek taldea erosteko interesa erakusteaz gain, zorra ere segituan ordainduko dutela agindu omen dute.