Bitxikeriak -
Prioro (Leon)
Hartzkume bat etxe baten atarian, Leongo mendialdean
Oscar Montero Prioro udalerriko bizilagunak ezusteko ederra hartu zuen larunbatean, hartzkume bat etxeko atarian agertu zenean. Elurtea dela eta, galdu egin omen zen.
Erredakzioa
Oscar Montero Prioroko (Leon) bizilagunak bere bizitzako ezustekorik handiena hartu zuen larunbatean. Hartzkume bat atariko eskaileretatik igotzen ikusi zuen bere etxeko leihotik.
“Hasiera batean, ez nekien zer zen, zakur handi bat zela ematen zuen, baina hartzkume bat zela konturatu nintzen, eskaileretatik lasai asko igotzen ari zen”, azaldu dio 26 urteko gizonezkoak EFE albiste-agentziari.
“Etxetik atera eta hura ukitzea izan zen nire lehen burutazioa, baina arriskutsua izan zitekeen, kume bat izanda, ama gertu ibiliko zelako”, gaineratu du Monterok. Animalia 14:00ak aldera ikusi zuela esan du gazteak.
“Nolanahi ere, eguna poztu zidan hartzak; izan ere, elurra dela eta, egunak eman ditugu inkomunikaturik, eta bi egun eta erdi, argirik gabe”, adierazi du.
Prioro Leon hiriburutik 60 kilometrora dago, 400 bat biztanle ditu eta 1.120 metroko altueran dago.