Bitxikeriak -

Doikuntza

Segundo bat gehiago izango dugu gaurko egunak

Astearte honetako azken minutuak 61 segundo izango ditu Lurraren biraketa irregularrera moldatzeko. Moldaketak nahaspila eragin dezake Interneten.

Herritarrok ez dugu segundo erantsi hori igarriko.
Herritarrok ez dugu segundo erantsi hori igarriko.

Europa Press | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurko egunak 86.401 segundo izango ditu, egun normal batek ohi duena baino bat gehiago. Herritarrok ez dugu igarriko, baina nahaspila eragin dezake Interneten. Lurraren biraketa irregularrera moldatzeko egin beharreko aldaketa da, noizean behin egiten dena.

Erabakia Parisko Behatokiaren Lurraren Biraketaren eta Erreferentzia Sistemen Nazioarteko Zerbitzuak hartu du, berari baitagokio segundo erantsi hauek noiz aplikatu behar diren erabakitzea.

Lurraren errotazio abiadurak moteltzeko joera du, Ilargiaren eta Eguzkiaren grabitazio erakartzea dela eta (horren arabera ezartzen dira itsasgora eta itsasbeherak). Segundo erantsi hau derrigorrezkoa da egutegi zibilen estandar sinkronizatuei eusteko, astronomia baitute oinarri.

Aurretik ere erantsi dute behin baino gehiagotan segundo bat. 1972tik, 26 aldiz gaineratu dute; azkenengoz, 2012an.

"Satelite bidezko nabigazio sistema handiek eta ordenagailu sare handiek kontuan hartu beharko dute aldaketa aplikazio informatikoetan arazorik izan ez dezaten", azaldu du Daniel Gambis Lurraren Biraketa Zerbitzuaren zuzendariak.

Gaurko 23:59:60an erantsiko den segundo honek nahas-mahas galanta eragin dezake Interneten. Duela hiru urte horixe gertatu zen: Foursquare, Reddit edo LinkedIN sare sozialen zerbitzariek akastzat jo zuten.

Beste aukera bat: 600 urtean behin, ordubete gehiago

Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak segundo erantsien aurrean beste aukera bat izan daitekeena proposatu du: 600 urtean behin ordubete eranstea eta segundo erantsi hauek baztertzea. Txina eta Erresuma Batua kontra daude, baina horren aldeko dira AEB, Italia, Frantzia, Alemania, Japonia eta Errusia. Proposamen horren arabera, bariazioa ordu erdikoa denean, erlojuak ordubete atzeratzearen alde egin dute: 2600. urtean egin beharko litzateke hori, Bonneko Unibertsitatearen kalkuluen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste xelebreak