Bitxikeriak -
Ezkutuan
Penelope Cruz eta Javier Bardem Bahametan ezkondu dira
Aktorea ordezkatzen duen agentziak baieztatu du bikotea uztailaren hasieran ezkondu zela. Cruzek Galianoren soineko bat jantzi zuen eta ekitaldian "senideak bakarrik izan ziren".
Zurrumurru ugariren ostean, Penelope Cruz eta Javier Bardem hilaren hasieran Bahama uharteetan ezkondu ziren. Horrela baieztatu du Cruz ordezkatzen duen agentziak.
Komunikatu labur batean, Antonio Rubial Kuranda prentsa agentziako buruak bikote ospetsuaren ezkontza "uztailaren hasieran, Bahametan izan" zela adierazi du. Ekitaldian, "bikotearen senideak bakarrik izan ziren". Cruzek John Galianoren soineko bat jantzi zuen.
Ezkontzaren albistea hilabetetan komunikabideek zurrumurruari buruz aritu ostean iritsi da. Hala ere, ez dituzte albisteari buruzko datu gehiago eman.
InTouch aldizkariak, 2009ko azaroan, aktoreak iazko Gabonetan ezkonduko zirela aurrikusi zuen eta Cruzek eskuan erakusten zuen eraztuna Bardemek ezkontza-hitz bezala oparitutakoa zela argitaratu zuen. Apirilean, berriz, National Enquirer egunkariak ezkontza udan izango zela esan eta asmatu zuen.