Bitxikeriak -
Ekintza gogoangarria
Soldadu ingeles ohi batek Amazonasen 6.800 kilometroak egin ditu oinez
Gaur, abuztuak 10, bukatu du bi urte eta erdi geroago, eta bere helburua, errekorren liburuetan agertzea eta ingurunearen hauskortasunaz jendea kontzientziatzea da.
Erredakzioa
Ed Stafford soldadu britainiar ohiak (34 urte) gaur amaitu du aspaldi bere buruari jarritako helburua: bi urte eta erditan Amazonas ibaiaren 6.800 kilometroak oinez egitea. Orain dela 859 egun hasi zen Camanan (Peru), Ozeano Bareak bustitzen duen kostan, eta Marudan (Brasil), Atlantikoak bustitzen dituen lurretan, amaitu du.
Errekorren liburuetan agertzea eta ingurunearen hauskortasunaz jendea kontzientziatzea izan ditu helburu. Bere bozeramailearen esanetan, munduko ibai luzeena, emaritsuena eta arro azalera handiena duena oinez egiten duen lehenengo pertsona izan da.
Batez beste zortzi kilometro egin ditu egunean, 50.000 eltxok ziztatu dute eta ehunka erlek, anakonda eta eskorpioiekin egin du topo, indigena batzuen erasoak jasan ditu, bitan kartzelatu dute, hilketa leporatuta, eta tentsio handiko uneak bizi izan ditu ibaian jarduten duten narkotrafikatzaileekin. Gainera, 40.000 libera (48.000 euro) lortu ditu minbizia ikertzen duen elkarte batentzat eta natura babesteko hainbat proiektutarako.
Gadiel ''Cho'' Rivera Peruko basozainarekin egin du ia bidaia osoa. Stafforden esanetan, "ekuatoreko eguzkipean ibili gara, eta nekatuta gaude, baina izugarri gustatu zaigu".
Riveraren iritzian, Edekin batera oinez abiatu zen "ero horri inguru arriskutsu hartan lagundu beharra" sentitu zuelako. Bertan narkotrafikatzaileak eta tribu "oldarkorrak" daude. Egunak igaro ahala, baina, "bizimodu sinpleaz gozatzen ikasi nuen eta lagun onak egin ginen".
Ibilaldian zehar gose handia izan dutela azpimarratu dute bi lagunek, baina Stafforden arabera, emakumeekin egoteko, errugbi partidu bat ikusteko eta duela lau hilabete jaio zen iloba, Archie, ezagutzeko gogoa izan du, baina ez omen du beste ezeren falta igarri.