Bitxikeriak -
Erritmo kontua
Dantzari trebeek ligatzeko aukera gehiago dituzte
Erresuma Batuko Northumbria Unibertsitatean egin duten ikerketa baten arabera, mugimendu desberdinak egitea eta soina eta lepoa mugitzea omen dira dantzari ona izateko gakoak.
Erredakzioa
Ondo dantzatzea osasun onaren seinale omen da eta emakumeen begietarako dantzari onak erakargarriagoak dira, Royal Society britainiarrak Biology Letters aldizkarian argitaratu duen ikerketa baten arabera.
Gizonek dantzatzean egiten dituzten mugimenduak ikertu dituen lehen lana da eta, batez ere, emakumeentzako erakargarriak diren mugimenduak aztertu ditu, baina testak eta odol analisiak ere egin dituztela azaldu dute ikertzaileek.
"Diskoteketan ondo edo gaizki dantzatzen duten pertsonak bereizten badakigu", adierazi du Nick Nave ikerketan parte hartu duen Northumbria Unibertsitateko medikuetako batek.
Azterketa horren bidez, jendeak gustukoen dituen edo gehien begiratzen dituen mugimenduak zeintzuk diren oso modu zehatzean aztertu dituzte lehen aldiz. Azterketa egiteko, adituek danbor batzuen soinua jarri zuten eta dantza egiteko eskatu zieten hainbat gazteri, eta grabatu egin zituzten, 12 kamera erabiliz.
"Garrantzitsuena hankak eta sorbalda mugitzea zela uste genuen, baina eskuak adierazgarriagoak dira. Emakumezkoek soinari, lepoari eta buruari erreparatzen dietela ikusi genuen. Ez da azkartasun kontua, mugimendu desberdinak egitea ezinbestekoa da", gaineratu du.