Jendea -
Adierazpen iskanbilatsuak
Sara Carbonerok Cristiano Ronaldo kritikatu du
Kirol kazetariak Real Madrileko jokalariaren inguruan esandakoek zalaparta eragin dute komunikabideetan, izan ere, askoren ustez, "Casillas, senargaia, egoera zailean utzi du taldekideen aurrean".
Erredakzioa
Sara Carbonerok egin dituen azken adierazpenek iskanbila eragin dute komunikabideetan. Oraingo honetan kirol kazetariak Cristiano Ronaldo Real Madrileko izarraren azken aldiko jarrerari buruzko iritzia eman du: "Cristiano ez dago deprimitua, beti izan da horrelakoa. Zelaian berekoia da eta Real Madrilek bazekien hori jokalaria ekarri zuenean". Hitz horiek nahikoak izan dira "Casillasen bikotekidea", komunikabide gehienek deitu duten modura, egunkarietako eta argitalpen digitaletako lehen orrialdeetara iristeko.
Horrez gain, Carbonerok Jose Mourinho Real Madrileko entrenatzailearen inguruan sortu den iskanbilari buruz ere hitz egin du. Federazio portugaldarrak entrenatzaileari selekzio ofiziala zuzentzeko egin dion eskaintzari buruz, Carboneroren ustez, "itxita dagoen gai bat da" eta Mourinhok talde portugaldarra entrenatuko ez duela zehaztu du.
Bitxiena Carboneroren adierazpenak Thomas Ujfalusik Leo Messiri egindako lesioak bezain esanguratsuak izan direla da. Marcak, adibidez, Carboneroren hitzei buruz hurrengoa esan du: "Casillasen neskalagunak adierazpen iskanbilatsuak egin ditu". As egunkariak ere albistea jaso du.
"Beldurrik gabe hitz egin du Sara Carbonerok bere bikotekidearen taldekidea den Cristiano Ronaldori buruz", idatzi dute Sports egunkarian.
El Mundok ere, lehen orrialdean argitaratu du, izenburuaren azpian, eta albistea eskaini diote kazetariari.