Bitxikeriak -
Bitxikeria
Armak dituzten pertsona ospetsuak: Robert de Niro eta beste
Daily News egunkariaren arabera, gero eta gehiago dira New Yorken armak edukitzeko baimena eskatzen duten pertsonaia ospetsuak.
Erredakzioa
Armak edukitzea oso errotuta dagoen ohitura da AEBetan, pertsonaia ospetsuen artean barne, nola ez.
Abeslariak, aktoreak, kirolariak, enpresaburu aberatsak... Denetarik dago New Yorkeko Poliziaren erroldan, eta gero eta gehiago dira aurpegi ezagunen artean armak izateko baimena eskatzen dutenak, Daily News egunkariak publikatu duenez.
Armak dituzten pertsona famatuen artean, besteak beste, Robert de Niro aktorea eta Marc Anthony abeslaria aipatu ditu kazetak.
Baina ez dira bakarrak. Donald Trump boteretsua; Donald Jr haren semea; Martha Stewart enpresaburuaren alaba, Alexis Stewart; eta David Wright beisbol jokalaria ere daude zerrendan.
Beste batzuek ez dute zortea lagun izan eta New Yorkeko Poliziak ukatu egin die armak edukitzeko baimena. Andrew Madoff, Bernard Madoff finantzari ohiaren semea, dago horien artean.
Daily News egunkariak azaldu duenez, New Yorkeko legeak AEBetako zorrotzenetakoak dira gai honetan, eta beraz, oso zaila da armak edukitzeko baimena lortzea. Mehatxuen biktima izan direnek edo gainean diru edota bitxi ugari dituztenek eskura dezakete soilik.
Pertsonaia ospetsuen artean armak edukitzeko eskakizunek gora egin badute ere, agintariek onartutako baimenen kopurua jaitsi egin da urtebetean, % 2,4tik % 2,093ra, hain zuzen ere. Guztira 21.518 pertsonak dute armak edukitzeko baimena New Yorken.