Bitxikeriak -
Gabonetako zozketa
Alcorconeko loteroek medium bat kontratatu zuten sari nagusia lortzeko
Alcorconeko "La mexicana" loteria saltokia kudeatzen duten anai-arrebek sari nagusiaren serie bat banatu dute medium baten bidez eta lokalean jarritako aldare batekin saria erakarri ostean.
Erredakzioa
Gabonetako sari nagusiaren serie bat banatu duen Alcorconeko (Madril) zortzigarren administrazioko saltzaileek medium bat kontratatu zuten saria erakartzeko, eta saltokian aldare txiki bat jarrita zuten birjinen eta sainduen irudiekin.
"La mexicana" izena duen saltokia kudeatzen duten Agustin eta Beatriz Rubia anai-arrebek poz-pozik daude leihatilan lehenengo sariaren serie oso bat saldu zutela jakin ostean. Erosleak auzokideak dira.
"Jainkoaren laguntza guztia genuen, eta kuttunak", adierazi du Agustinek aldarea seinalatuz, eta erostera sartzen zen jendeak, aldarea ikusita, barre egiten zuela gaineratu du.
Victoria Praojos mediumak azaldu duenez, saltoki horretan zeremonia magikoa egin zuen. "Sinestea da kontua. Argi geratu da magiak dena mugitzen duela, baita dirua ere", adierazi du. Haurraren zozketarako beste erritual bat egingo duela aurreratu du.