Bitxikeriak -
Lege proposamena
Greziak alokairuan jarri ditu bere Poliziak, orduko 30 euroren truke
Greziako ministerioaren zirkular baten arabera, Poliziaren zerbitzuak "lehergailuei eskolta emateko edota film eta telebista saiotan agertzeko" erabili ahal izango dira.
Erredakzioa
Greziako Hiritarren Segurtasun ministerioak Poliziak alokatuko ditu zergak biltzeko eta segurtasun indarren ekipamenduen gastuak orekatzeko.
Era honetan, erabiltzaile pribatuek polizia baten zerbitzuak alokatu ahal izango dituzte, orduko 30 euro ordainduz, eta patruila-autoengatik 10 euro.
Greziako ministerioaren zirkular baten arabera, Poliziaren zerbitzuak "lehergailuei, material arriskutsuei, balio handiko objektuei, arte lanei edo diruari eskolta emateko eta film eta telebista saiotan agertzeko" erabili ahal izango dira.
Joan den otsailean onartu zuten lege proposamena eta lehen dohainikako zerbitzua zena, orain, diru truke eskainiko dute. "Edozeinek ezingo du polizia bat alokatu", adierazi du Atenaseko polizia iturri batek. "Soilik kasu zehatzetan alokatuko dira, eta segurtasunarekin eta ordena publikoarekin zerikusirik ez duten kasuetan".
"Diru hori aurrekontuen barne egongo da, mozkin gisa, eta Greziako Poliziaren segurtasun indarren ekipamenduen gastuak orekatzeko" erabiliko da, Hiritarren Segurtasun ministerioak ohar batean adierazi duenez.