Bitxikeriak -
Aurrekontuak
PPko sei diputatu igogailuan itxita geratu dira
Eztabaida luzea egin dute gaur goizean Madrilgo Kongresuan. Osoko bilkurako ekimenak arratsaldeko 14:30etan bozkatu behar zituzten, baina ezusteko batek bozketa atzeratu egin du.
Erredakzioa
Eztabaida luzea egin dute gaur goizean Madrilgo Kongresuan. Osoko bilkurako ekimenak arratsaldeko 14:30etan bozkatu behar zituzten, baina ezusteko batek bozketa atzeratu egin du: PPko sei diputatu igogailuan itxita gelditu dira, hogei minutuz.
"Diputatu talde anitz bat igogailu batean itxita geratu da", esan du Jesus Posada Kongresuko presidenteak, bozketaren atzerapena azaltzeko.
Presidenteak erabilitako esaldiak barreak eragin ditu diputatu talde txiki batean, baina gehienek protesta egin dute, bazkaltzera joan nahi zutela argudiatuz.Protesta horiei erantzuteko, Calderak hitza hartu du berriro ere: "Kexarik ez egin, mesedez, edonori gerta dakioke".
Bitartean, legebiltzarkideek Twitterren egin dituzten iruzkinekin entretenigarriagoa egin zaie itxaronaldia. Eduardo Madina sozialistak, musika zale sutsuak, esaterako, Alfredo Perez Rubalcabari, egoerak, "Igogailuan atera ezinik" kanta gogora ekarri diola jarri du sare sozialean. Sei legebiltzarkideak eta Kongresuko beste lau funtzionarioak ateratzea lortu dutenean eta hemiziklora sartu direnean iritsi da sorpresa. Talde "anitzaren" arrastorik ez, denak Alderdi Popularreko kideak ziren, Andrea Fabraa "igogailuan egon den" diputatuak berretsi duenez.