Bitxikeriak -
Australia
Munduko unibertsitate graduatu zaharrenak 97 urte ditu
Allan Stewartek bizitza osoa eman du ikasten eta 30eko hamarkadaren bukaeran eskuratu zuen lehenengo titulua. 87 urterekin ikasgeletara bueltatzea erabaki zuen zuzenbide ikasketak egiteko.
Erredakzioa
97 urteko australiar batek bere laugarren unibertsitate titulua eskuratuko du gaur eta horrekin, 2006an munduko unibertsitate graduadun zaharrena bilakatu zenean berak ezarri zuen marka hobetuko du.
Ia 100 urterekin, Allan Stewartek zientzia kliniko eta medikuntzako masterra eskuratuko du Southern Cross unibertsitatean eta duela sei urte zuzenbide karrera bukatu zuenean lortu zuen errekorrari eutsiko dio.
Australiarra 1915ean jaio zen, eta ia bizitza osoa eman du ikasten. 30eko hamarkadaren bukaeran eskuratu zuen lehenengo titulua.
“Ikasleak arropa kontserbadoreagoak erabiltzen zituzten”, esan zion Stewartek bertako ABC irratiari. Horren iritziz, egungo ikasle gehienek “udako arropak janzten dituzte beti”.
Stewartek urte asko eman zituen dentista lanean, eta 87 urterekin ikasgeletara bueltatzea erabaki zuen. Lau urte eta erdian bukatu zuen zuzenbide karrera.