Bitxikeriak -
Japonia
Bere genitalak enkantean jarri eta jateko prestatu ditu
Interbentzio kirurgikoa egin eta egun batzuetara, Mao Sugiyama artista japoniarrak zakila, barrabilak eta eskrotoko azala bost lagunek jateko banandu zituen.
Erredakzioa
Mao Sugiyama artista japoniarrak bost pertsonarentzat prestatu ditu bere genitalak, Tokion. Egun batzuk lehenago, kirurgikoki erauzi zizkioten genitalak, eta, gero, Twitter sare sozialaren bidez enkantean jarri zituen. 100.000 yen (1.000 euro inguru) eskuratu zituen horrela.
Interbentzio kirurgikoa egin eta egun batzuetara, 22 urteko gazteak zakila, barrabilak eta eskrotoko azala txanpinoiekin eta perrexilarekin prestatu zituen bost mahaikiderentzat, Huffington Post egunkari digitalak gaur argitaratu duenez.
Gaztearen genitalak jateko ordaindu zuten bost pertsonez gain, hainbat kuxkuxero bertaratu ziren, eta krokodilo eta txahal okela jan zuten, gero eztabaida batean parte hartu aurretik.
Hedabide horren arabera, Calorie Lab web-orrialdeak Japoniako agintariei gertatutakoaren berri eman zien arren, horiek ez zuten esku hartu, Japonian ez baitago kanibalismoaren aurkako legerik.