Bitxikeriak -
Atrakzio parke batean
Txinako parke batek deskontua egingo die minigonarekin doazen neskei
Parkearen eskaintzaren difusioaren ondorioz, Guilin-eko hainbat herritarrek beraien oposizioa erakutsi diote kanpaina horri, “zakarra” dela kontsideratuz.
Erredakzioa
Txinako hegoaldean dagoen Guilin herriko atrakzio parke batek sarrerak prezio erdira salduko dizkie 38 zentimetro baino gutxiagoko minigonak eramaten dituzten emakumeei, China.org webguneak azaldu duenez.
Li Wenxing Guilin Merryland Resort-eko zuzendariordearen arabera, “udan bisitariek euren edertasuna erakustea” da eskaintza horren helburua. “Minigona maita dezagun” kanpaina 2007an sortu zela azaldu du Li Wenxingek, eta “arrakasta handia lortu zuen”, gaineratu du.
Minigona eramateagatik sarrerak merkatuko dituen eskaintzak bi hilabete iraungo du, eta epe horretan jantzi hori daramatenek 55 yuan (7 euro inguru) ordaindu beharko dute soilik. Kanpaina horren harira, “Uraren jaia” izeneko beste kanpaina bat jarri dute martxan, bisitariak (minigona daukatenak barne) urarekin jolastu eta busti daitezen.
“Zakarra”
Parkearen eskaintzaren difusioaren ondorioz, Guilin-eko hainbat herritarrek beraien oposizioa erakutsi diote kanpaina horri, “zakarra” dela kontsideratuz. “Pertsonen gustu baxuenez baliatu nahi dute diruagatik duten grina asetzeko”, gaineratu dute.
Bisitariak erakartzeko estrategia bat besterik ez da, askoren ustez, baina neskak biluzik joanez gero sarrerak dohain jarriko lituzketen galdetu dute batzuek.