Bitxikeriak -
Euskal musika
Iggy Popek Realaren euskarazko ereserki bat ezagutarazi dio munduari BBCn
Abeslari estatubatuarrak "Bultzada" Brigade Loco Bergarako taldearen abestia gomendatu du astero BBCn duen saioan.
AGENTZIAK | EITB Media
Iggy Pop abeslari entzutetsuak euskara eraman du BBCra, eta Realaren ereserki ospetsuenetako bat ezagutarazi dio munduari.
Hain zuzen ere, artista estatubatuarrak "Bultzada" Brigade Loco Bergarako taldearen abestia gomendatu du BBCn astero duen saioan, Iggy Confidential izenekoan.
Abesti horrek realzaleen harrotasuna du hizpide, eta izenburuak Aitor Zabaleta harmailan dagoen animazio talde nagusiari egiten dio aipua.
Ereserkia Anoeta estadioan jartzen dute Realaren partidetan, eta realzaleen artean txalotuenetakoa da.
Hitzik esan barik, Iggy Popek "Bultzada" abestia jarriz eman dio hasiera bere saioari, eta, ondoren, aitortu du ez dituela hitzak ulertzen, baina horren soinu irmoa duela gustuko. Are gehiago, doinu horiek Social Distortion punk talde estatubatuarra gogora ekartzen diotela gaineratu du.
Hori horrela, Brigade Loco taldea Iggy Popen aste honetako tracklist-ean agertu da, musikaren munduko hainbat izarrekin batera, Alice Coltrane, Bob Dylan eta Miles Davis ondoan dituela.