Bitxikeriak -
Brasilgo telebistan
Ronaldok pisua galdu nahi du telebistan
Ronaldo Brasilen egingo duten 'reality' batean agertuko da. Futbolari ohiak hiru hilabete emango ditu programan pisua galtzeko. Munduko Kopako goleatzailerik onenak 118 kiloko pisua du.
Erredakzioa
Ronaldo Brasilen egingo duten ‘reality’ baten protagonista nagusia izango da, eta pisua galtzea izango du zeregin bakarra. Bertan, prestatzaile fisiko eta mediku talde espezializatu baten eskuetan egongo da. Erretiroa hartu zuenetik, nahikoa loditu da, eta orain gehiegizko kilo horiek kendu nahi ditu. Ikus-entzuleek astez aste ikusiko dute brasildarraren ahaleginaren emaitza.
Ronaldok dieta zorrotza egingo du hiru hilabetez. “Asko saiatuko naiz, ez dut amorerik emango, eta amaieraraino helduko naiz”, adierazi du futbolari ohiak.
Munduko goleatzailerik onenetarikoa izan zenak ariketa fisikoen programa bat egin eta elikatzeko modu berri bat ikasi beharko du bere helburua lortzeko. Hiru hilabete horietan, prozesu osoa gertutik jarraituko duen talde bat izango du atzetik, eta proba eta analisi ugari egingo dizkiote, horren bilakaeraren datuak biltzeko.