Bitxikeriak -
Halloween
Beldurrezko filmak ikustea, argaltzeko beste modu bat
Westminsterreko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, beldurrezko filmek argaltzeko balio dute. Stanley Kubricken Distira da beldurgarriena, batez beste 184 kaloria erretzen baita horrekin.
Erredakzioa
Beldurrezko filmak ikusteak argaldu egiten du, Westminsterreko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera. Daily Telegraph egunkariak kaleratu duenez, ordu eta erdiko film bat ikusita, ikusleek batez beste 113 kaloria galtzen dituzte. Dirudienez, hogeita hamar minutuko ibilaldi bat eginda erretzen den beste galtzen da horrela.
Ikerketa horren arabera, bihotzaren taupadak azkartzeak oxigeno gehiago kontsumitzea eta karbono dioxido gehiago botatzea eragiten du. Hau da, estresak jateko gogoa txikitzen du eta "metabolismoaren jarduera handitu eta kaloria gehiago erretzea eragiten du".
Hala ere, mirarik ez dago, eta pelikula ikusten dugun bitartean freskagarriak edo gozokiak hartzen baditugu, kontrako emaitza lortuko dugu.
Stanley Kubricken Distira da film beldurgarriena, hori ikusten dutenek 184 kaloria erretzen baitituzte, batez beste. Ondoren, Marrazoa (161 kaloria), Exorzista (158), Alien (152), Saw (133), Amesgaiztoa Elm Streeten (118), Paranormal Activity (111), Sarraskia Texasen (107), Blairreko sorginaren proiektua (105) eta Rec (101) pelikulak agertzen dira zerrendan.