burtsa -

EUSKALTEL

Euskaltel gaur aterako da burtsara, akzioko 9,5 euroan

12:00etatik aurrera hasiko dira Euskalteleko akzioak burtsan kotizatzen. eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Euskaltelek bere balioak burtsan salgai jarriko dituen unea.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltelek 9,50 euroan salduko ditu gaurtik bere akzioak burtsan. Horrek 1.202 milioi euroko balioa emango dio telekomunikazio operadoreari.

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak agiri baten bidez jakitera eman zuenez, behin betiko prezioa hori izango da; ezarritako adierazleen (8,7 eta 11,05 euro)  batez bestekoa da ezarri den prezioa.

Konpainiaren arabera, behin akzioen prezioa finkatuta, pizgarri planen likidazioaren bidez zuzendariei bideratu zaien diru kopuru gordina 41 milioi eurokoa da.

Guztira 80,4 milioi akzio jarriko dituzte salgai akziodunek (Kutxabank, Iberdrola eta International Cable enpresek); enpresaren % 63,55, hain zuzen ere.

Kutxabankek murriztu egingo du Euskaltelen duen parte-hartzea (% 49,9tik % 30,10era) eta beste bi bazkideek akzio guztiak salduko dituzte.

Inbertitzaileak

Alba Finantza Korporazioak, March taldearen balore-zorroak kudeatzen dituen sozietateak, Euskaltelen 10,15 milioi akzio erosi ditu, titulu bakoitzaren truke 9,50 euro ordainduz. Beraz, 96,4 milioi euro inbertitu ditu.

Beste inbertitzaile batzuek zenbat erosi dituzten zabaldu ez bada ere, March taldearen sozietatea Euskaltelen akziodun nagusienetakoa bihurtu da.

Telefonia-operadoreak 80,4 milioi akzio aterako ditu burtsara, bere kapitalaren % 63,5. Zenbateko hori % 69,9raino igo daiteke akzio-banatzaileek euren green shoe izeneko erosketa-aukerak gauzatzen badituzte.

Kutxabankek % 49,9ko parte-hartzea du Euskaltelen, eta % 19,8 salduko du. Cable BV, berriz, akzioen % 48,1en jabe da, eta Iberdrolarenak dira akzioen % 2.

Operazioa aurreikusi bezala gauzatzen bada, eta burtsara ateratako akzio guztiak saltzen badira, Kutxabank izango da aurrerantzean ere akziodun nagusia, kapitalaren % 30,1ekin. % 68a Burtsara aterako da.

Akzioen % 2 konpainiako langileen eta zuzendarien esku geratuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaltel