Fagor -
Mondragon Korporazioa
Krisia duten enpresekin bereizketarik ez egitea eskatu du Confebaskek
EAEko patronalak atsekabea agertu du, konpainia hartzekodunen konkurtsoan sartuko delako, eta konponbideak enpresa guztientzat bilatzea eskatu die erakundeei.
Erredakzioa
Confebaskek "deitoratu" egin du Fagor Etxetresnaken egoera konpondu ez izana, eta, "alternatibak" diseinatzerako, erakundeek "Euskadiko enpresa eta enplegu guztiak" kontuan hartzea eskatu du, betiere "erantzukizun, iraunkortasun eta zuzentasun irizpideak" oinarri.
Agiri batean, patronalak "atsekabea" agertu du, Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeak "EAEko industrian eta enpleguan" izango duen "eragin gogorragatik".
Horren ildotik, Confebaskek "hausnarketa globala" egiteko deia egin du, "industria laguntzaileak eta azpikontratuak" ere kontuan hartzeko, horiek "mugimendu kooperatiboaren barnean ez badaude ere".
Enpresaburuen elkarteak "funtsezko"tzat jo du erakundeek esku hartzea, "bizirauteko aukerak dituzten proiektuen finantzazioa bermatzeko", baina "urte hauetan desagertu diren ia 8.000 enpresekin eta egun arriskuan daudenekin bereizketarik egin gabe".