Fagor -
Etxetresnak
Teknologia handiko produktuak ekoizteko asmoa agertu du Cevitalek
Espainiako eta Frantziako lantegietan ekoitziko lituzkete produktuok. Asteartean, FagorBrandt Fagor etxetresnak enpresaren Frantziako filialaren zatirik handiena lortu zuen Cevitalek.
Erredakzioa
Frantziako FagorBrandten zati handi bat erosi, eta Espainiako beste bi lantegirengatik eskaintza egin ondoren, bi herrialde horietan "teknologia handiko" etxetresnak ekoizteko asmoa agertu du Isaad Rebrab Cevital talde aljeriarreko presidenteak. Marka zuriko etxetresnak, berriz, Aljerian egingo lirateke.
iTele telebista katean egindako elkarrizketan eman du Rebrabek bere asmoen berri. Asteartean, Nanterreko Merkataritza Auzitegiak Cevitali FagorBrandt Fagor etxetresnak enpresaren Frantziako filialaren zatirik handiena ematea erabaki zuen. Horri esker, 1.800 lanpostuetatik 1.341 salbatuko dira. Hala ere, erosketak egiten amaitu ez dutela azpimarratu du Rebrabek.
Zehazki, Fagorrek Espainian duen jardueraren zati bat erosteko egindako eskaintzaren zain daudela esan du Cevitaleko presidenteak. Dagoeneko 25 milioi euro ordaindu dituzte Fagorreko markengatik, eta Polonian dauden beste zenbaitekin geratzeko asmoa ere badu.
Edozein kasutan, talde iraunkorra izango dutela azpimarratu du, "errentagarria", publizitatean egindako inbertsioek Frantziako markei indarra emango dielakoan.