Fagor -

Eskaintza

Cevitalek 18 milioi eskaini ditu Fagor Etxetresnaken truke

Aljeriako taldeak egin duen eskaintzak 300 lanpostu zuzen bermatuko lituzke.

Cevitalek 18 milioi eskaini ditu Fagor Etxetresnaken truke

0:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aljeriako Cevital taldeak 18 milioi euroko eskaintza aurkeztu du Fagor Etxetresnaken truke. Eskaintza horrek 400 lanpostu zuzen bermatuko lituzke 2019 bitartean eta 1.300 lanpostu sortuko lituzke inguruan.

Eskaintzaren berri ohar batean jakinarazi du Cevitalek. Esan duenez, gaur aurkeztu du eskaintza Donostiako Merkataritza Epaitegian. Eskaintza horrek eragina izango du etxetresna txikien arloan, baita klimatizazio eta garbiketa sailetan ere. Garagartzako eta San Andreseko lantegiei eragingo die.

"Eskaintzak Edesa, Fagor, Aspes eta Splendid marken jarraipena bermatzen du, baita laguntza teknikoa ere", adierazi du Cevitalek. Eskaintzak ez du eraginik izango Basauriko Edesaren lantegian.

1.300 lanpostu, bermatuta

Planak "1.300 langileren lanpostua bermatuko" duela azaldu du Cevital konpainiak, "horietatik 300 zuzenak izango dira eta aurreneko urtean sortuko dituzte". 2019an, 400 lanpostu propio izatea espero du Cevitalek.

Konpainiako iturriek azaldu dutenez, Fagor Etxetresnakek lan-karga mantenduko luke bere hornitzaileekin. Horregatik, lanpostuak 1.300 izango dira, nahiz eta gehienak zuzenak ez izan.

"Aktiboen erosketa burutu eta berehala proiektua martxan jartzeko gaitasuna" izango duela azpimarratu du Cevitalek. Horregatik, 2015ean, EAEko ekonomiari 65 milioi euroko ekarpena egitea espero du konpainiak.

Euskadiko hornitzaileek aberastasunaren % 65 sortzea espero du konpainiak, planaren arabera.

Gaur egun etxetresnen negozioak Aljeriako konpainiaren % 10 baino ez da. Fagorren aldeko apustuarekin fakturazioaren % 25 izatea espero du Cevitalek. 2016an, Fagorrek lerro zuriko etxetresnetan % 10eko merkatu kuota lortzea espero dute Espainian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor albisteak