Fagor -
45 langile
Termo elektrikoak ekoizten hasi dira Basauriko Edesa lantegian
Fagor Confort deritzonaren katalogoa osatzen dute Basaurin egiten dituzten termo elektrikoek, Bergarako Geyser lantegian ekoizten dituzten berogailuekin batera.
Agentziak | Erredakzioa
Edesako lantegian, Basaurin (Bizkaia), termoak ekoizten hasi dira asteazken honetan, Fagor CNA Groupek jakitera eman duenez. 45 langile lanean ari dira momentuz, baina maiatzean 65 izango dira.
Taldeak gaur agiri batean azaldu duenez, makinak doitu eta lantegia prestatu eta gero, Edesak ekoizpenari hasiera eman dio gaur eta produktuak “berehala merkaturatzeko” prest dago dena.
Fagor Confort deritzonaren katalogoa osatzen dute Basaurin egiten dituzten termo elektrikoek, Bergarako Geyser lantegian ekoizten dituzten berogailuekin batera. Termoek edukiera ezberdina dute, 15 litrotik 200 litrora. Era berean, galdarak eta eguzki energia ekipo termikoak merkaturatzen hasi dira.
20 langile gehiago maiatzean
Beste 20 langile maiatzean lanean hastea espero dute, Fagor CNAk azaldu duenez. Horrela, 65 langile izango dira lanean Edesan. Hala ere, datozen hilabeteetan kontratazio berriak egitea ez dute baztertu, salmenten bilakaeraren arabera.
Momentuz, Edesaren produkzioa txikia izango da, prozesu guztiak hobezinak direla ziurtatu bitartean. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka ekoizpena ohiko mailara eramango dute.
Fagor CNA Groupeko arduradunak “oso pozik” agertu dira “ekoizten hasteagatik eta Edesako langile batzuei lanpostu bat emateagatik”.