Krisi Ekonomikoa -
CIS-en inkesta
Langabezia eta ustelkeriaren aurkako borroka, herritarren lehentasunak
Bestalde, inkesta erantzun dutenen % 54,4k uste dute erkidegoen sistemari eutsi behar zaiola edo autonomia gehiago eman behar zaiela erkidegoei.
Erredakzioa
Langabeziaren eta ustelkeriaren kontrako borroka dira Espainiak aurre egin behar dien arazo nagusiak, Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egindako inkestan agertzen denez.
2012ko azken inkestan galdera berriak sartu dituzte, Estatuaren antolaketari buruzkoak, besteak beste. Horren harira, inkesta erantzun dutenen % 54,4k uste dute erkidegoen sistemari eutsi behar zaiola edo autonomia gehiago eman behar zaiela erkidegoei. % 36,9k, ordea, are gehiago zentralizatuko luke sistema, eta Espainiako Gobernuari eskumen gehiago eta erkidegoei gutxiago emango lizkieke.
Herritarren % 64,5entzat datozen bost urteetarako erronka nagusia langabeziaren kontrako borroka da, eta horren atzetik geratu dira politikarien ustelkeria (% 16,5), lehiakortasun ekonomikoa (% 3,9), desberdintasun sozialen kontrako borroka (% 2,8) eta iruzurrari aurre egitea (% 2,7).
Azken inkesta horretan ere langabezia eta egoera ekonomikoa dira herritarren kezka nagusiak, klase politikoaren aurretik. Era berean, ustelkeriak eta iruzurrak gora egin dute kezken zerrendan, eta ustelkeria laugarren postuan kokatu da.
Era berean, herritarrek osasunaren, hezkuntzaren eta murrizketen inguruan duten kezka hazi egin da nabarmen, eta aurretik aipatutako horien atzetik geratu dira.
Duela urtebete, Mariano Rajoyk Espainiako Gobernua hartu zuenean zegoen egoerarekin alderatuta, inkesta erantzun dutenen % 72,6k uste dute ekonomia okerrago dagoela, % 21,9k berdin dagoela eta % 4,3k hobeto dagoela.