Krisi Ekonomikoa -
Europako Batzordea
Ekonomiak hobera egin badu ere, zailtasunak iragarri ditu EBk
Europako Ekonomia arduradunak ohartarazi duenez, nahietazkoa da erreformak egitea krisiari amaiera emateko.
Olli Rhen Europako Batzordeko Ekonomia arduradunak jakinarazi duenez, Europar Batasuneko egoera ekonomikoak hobera egin badu ere, datozen hilabeteak zailak izango dira oraindik. Hori dela eta, erreformen bideari eustea garrantzitsua dela iritzi dio.
"Datozen hilabeteak zailak izango dira: ekonomia ahul dago oraindik, eta gure hiritarrak krisiaren eragina pairatzen ari dira", adierazi du Olli Rhen komisarioak.
Horren arabera, egoera ekonomikoak hobera egin du, baina nahitaezkoa da erreforma orokorrak egiten jarraitzea krisia atzean uzteko.
"Krisitik irteteko hartu diren neurriak, gogorrak izan badira ere, beharrezkoak izan dira, eta ondorio positiboak utzi dituzte", gaineratu du, eta oraindik ere Eurogunea apurtu egin daitekeela iragartzen dutenak kritikatu ditu.
Bestalde, defizit publiko altua duten herrialdeek beren "norabidea aldatzeko" egin duten ahalegina goraipatu du, eta zehazki Espainiak eta Greziak egindako lana nabarmendu du.
EBk otsailean erabakiko du Espainiari luzapena eman ala ez
Espainiak defizit helburuak betetzeko arazoak ditu, eta Europako Batzordeak otsailean erabakiko du Espainiari luzapena eman ala ez. Erabakia hartzeko, kontuan hartuko dituzte lurraldeak egindako ahaleginak eta egoera ekonomiko larria.
Olli Rhen Europako Batzordeko Ekonomia arduradunak ez du baztertu Espainiari luzapena ematea. Europako Batzordeak otsailaren 22an argitaratuko du herrialde bakoitzari buruzko txostena, eta orduan hartuko du Espainiari buruzko erabakia.