Krisi Ekonomikoa -
EBko Justizia Auzitegia
Espainiak ez du BEZ murriztuaren zuzentaraua betetzen
Hala ebatzi du Europar Batasunak. Auzitegiaren arabera, zuzentarauak barne hartzen dituen farmazia eta medikuntza produktuetatik harago joan da Espainia.
Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak ebatzi du Espainiak Europako zuzentaraua urratu duela BEZ murriztuaren erabileran, farmaziako eta medikuntzako produktuen alorrean hain zuzen ere.
Luxenburgon egoitza duen Auzitegiaren ebazpenean agertzen denez, Espainiak "BEZ Zuzentarauari dagozkion betebeharrak urratu ditu".
Zuzentarau horrek ezartzen du Europar Batasuneko estatuetan zein kasutan erabili BEZ zerga murriztua.
Espainian % 8ko BEZa ezartzen zitzaien diagnosirako tresnei (odolaren presioa neurtzeko gailua, termometroa, orratzak, eskularruak, etab), eta Espainiako Gobernuaren erreformaren ostean % 10era igo zen zerga murriztua.
2010eko azaroan, Europako Batzordeak oharra igorri zion Espainiari, BEZ murriztua zuzentarauak baimentzen zituen produktuei bakarrik ez, gehiagori ezartzen zielako, eta egoera zuzentzeko eskatzen zion Gobernuari.
Espainiako agintariek erantzun zuten Espainiako BEZ zergaren legediak Europako zuzentaraua errespetatzen zuela; horregatik, ez zuten aldaketarik egin, eta azkenean Europako Batzordeak helegitea aurkeztu zuen Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.
Europar Batasuneko Auzitegiak ebatzi du BEZ murriztua sendagaiak ekoizteko erabiltzen diren sustantziei ezartzea "BEZ zuzentarauaren kontra" doala, sendagaia bera, azken produktua, kontsumitzaileak erosten duena delako arauak barne hartzen duena.
Gainera, EBko zuzentarauak ez omen du BEZ murriztua "diagnosiak egiteko tresneriari" ezartzen uzten.
Izan ere, Auzitegiak azpimarratu du BEZ murriztuaren helburua kontsumitzaileari ezinbesteko zaizkion produktuen gaineko kostua txikitzea dela.