Krisi Ekonomikoa -

Krisiaren eragina

EAEko 35.000 haurrek arazoak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko

Pobrezia egoera larrian egoteko arriskuan dauden 15 urtetik beherako haurren kopurua % 77 hazi da EAEn lau urtetan, eta % 6ra iritsi da.

EAEko 35.000 haurrek arazoak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko. Argazkia: EITB
EAEko 35.000 haurrek arazoak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko.
EAEko 35.000 haurrek arazoak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pobrezia egoera larrian egoteko arriskuan (batez besteko diru-sarreren % 40 baino gutxiago) dauden 15 urtetik beherako haurren kopurua % 77 hazi da EAEn lau urtetan, % 3.5etik % 6,2ra. Gainera, 35.000 haur oinarrizko beharrak asetzeko arazoak dituzten etxeetan bizi dira, krisiak haurrengan duen eraginari buruz Arartekoak egin berri duen ikerketan agertzen denez.

Iñigo Lamarca Arartekoak aurkeztu du gaur ikerketa, Gasteizen. 57 adierazletan oinarritu dira ikerketa egiteko, eta mendekotasun ekonomiko, sozial eta legalagatik, krisiaren aurrean haurrena sektore "arriskutsuenetako bat" dela ondorioztatu dute.

'Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea' izeneko ikerketaren arabera, 15 urte baino gutxiago dituzten 35.000 haur inguru (% 11,7) oinarrizko beharrak asetzeko arazoak dituzten familietan bizi dira, krisia hasi zenean baino % 20 inguru gehiago.

Horietako batzuen kasua bereziki arriskutsua omen da, ikerketan azaldu dutenez. Besteak beste, guraso bakarreko familiak, guraso atzerritarrak, edo kualifikazio baxuko edo 35 urtetik beherako gurasoak dituztenak dira egoera horretan daudenak.

Gastuen murrizketa

Herritarren % 17 oinarrizko beharretara bideratutako gastuak murriztu behar izan dituzten familietan bizi dira, duela lau urte halako bi. Gainera, 2008tik ia bikoiztu egin da bigarren eskuko arropa erabiltzen duten haurren kopurua.

Diru-sarrerak Bermatzeko Sistema

Arartekoaren ikerketan azpimarratu dutenez, orain arte, Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemak "eragin positiboa" izan du pobrezia tasari eusteko, eta ez handitzeko. Hori dela eta, "krisia geroz eta larriagoa izan, are hobea izan behar du babes sozialerako sistemak", Arartekoaren esanetan.

Hala, "oso garrantzitsua da haurrak kontuan izatea gizartearen erronkei aurre egiteko, ez haien garapen eta ongizateagatik soilik, baizik eta gizarte osoa zaintzeko, etorkizunean ondorioak larriagoak izan daitezkeelako", adierazi du Arartekoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea