Krisi Ekonomikoa -
Diputatuen Kongresua
Intermon, AI eta Greenpeacek krisia duintasunez gainditzea eskatu dute
Hiru GKEk dekalogo bat aurkeztu dute, krisiari aurre egiteko neurriek pertsonak eta oinarrizko eskubideak errespeta ditzaten.
Erredakzioa
Intermon Oxfam, Amnistia Internazionala eta Greenpeace Gobernuz Kanpoko Erakundeek dekalogo bat aurkeztu dute gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan, diputatuek krisiari aurre egiteko neurriak hartzen dituztenean pertsonak eta horien oinarrizko eskubideak defenda ditzaten.
Dekalogoa aurreko ostiralean bidali zioten Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, eta gaur Kongresuan aurkeztu dute, diputatuek kontuan izan dezaten politika "berritzeko", egun "bizi den salbuespen egoeran".
Hiru GKE horietako ordezkariek prentsaurreko batean azaldu dutenez, bide alternatiboak daude krisiaren ondorioek behartsuenei ez eragiteko.
Jose Maria Vera Intermonen arduradunak azpimarratu du fiskalitate alorrean zergak saihesteko ahaleginak galarazi behar direla, eta hori omen da "lehentasuna" murrizketen eta zerga igoeren aurretik.
Horren harira, Ibex-35en kotitzatzen duten enpresa gehienek paradisu fiskaletan egoitzak dituztela salatu du. Begi onez jo du finantza transakzioen gaineko zerga berria, baina horren bitartez lortutako dirua zorra ordaintzera bideratu beharrean behartsuenei laguntzeko erabiltzea aldarrikatu du.
Esteban Beltran Amnistia Internazionalaren zuzendariak, bere aldetik, azpimarratu du krisitik duintasunez ateratzeko baztertu egin behar direla giza eskubideen "urraketak", osasunerako eskubidea adibidez. Hori horrela, osasun erreforma aldatzea eskatu dute dekalogoan.
"Etxebizitza egoki baterako eskubidea jorra dezatela, geldiarazi egin behar dituzte etxegabetzeak herritarrek eskubidea epailearen aurrean defendatzeko aukera izan arte", gaineratu du Beltranek.
Era berean, manifestaziorako eskubidea errespetatzea aldarrikatu du, izan ere, salatu duenez, iraganean izan diren manifestazio jendetsuetan ehunka zauritu izan dira Poliziaren "gehiegikeriengatik".
Bestalde, Mario Rodriguez Greenpeacen Espainiako zuzendariak kritikatu duenez, ingurugiroa ari da "krisiaren ondorioak ordaintzen", denon baliabideak "xahutzen" ari direlako lan prekarioaren truke.
Haren esanetan, sei milioi langaberekin Espainiak "ezin du" energia berriztagarrien sektorea "gelditu".