Krisi Ekonomikoa -
Bilera
Zerbitzu publikoak bermatzeko neurriak eskatuko ditu LABek
Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio ez dela negoziatzera eseriko murrizketak nola gauzatzen diren zehazteko.
Erredakzioa
LAB sindikatuak astearte honetan jakinarazi duenez, zerbitzu publikoak bermatzeko neurriak eskatuko dizkio Eusko Jaurlaritzari hurrengo asteko Administrazioko Mahai Orokorraren bileran. Halaber, gobernuari ohartarazi dio ez dela bertara joango murrizketak nola gauzatzen diren zehaztera.
Sindikatu abertzaleko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Bilbon, osteguneko bilerara begira dituzten proposamenak aurkezteko. Aipatu bileran, LABeko ordezkariez gain, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetakoak batzartuko dira 2013ko hitzarmen kolektiboari lotutako gaiak jorratzeko.
LABeko kideen iritziz, murrizketen berri emateko deitu dituzte sindikatuak. "Zantzu txarrak ditugu", adierazi du Galder Sierra LABek funtzio publikoan duen ordezkariak.
Osteguneko bileran sindikatuaren lehentasuna negoziaziorako eskubidea errespetatzeko eskatzea izango da. Halaber, beste bi eskaera egingo ditu: azken hilabeteetan onartu diren murrizketak bertan behera uzteko eta zerbitzu publikoak bermatuko dituen neurriak hartzeko.
Espainiako Gobernuak onartutako murrizketak EAEn ez aplikatzeko ere eskatuko dio LABek Jaurlaritzari; zehazki, langile publikoen lanaldia ez luzatzea eta beren jaiegunak errespetatzea.
Langile publikoen erosteko ahalmena % 20 jaitsi da bi urtean, LABen arabera, eta horri ere erantzun behar zaiola iritzi dio LABek.