Krisi Ekonomikoa -
Helegitea Konstituzionalean
Sinatzaile asko pentsioak murriztearen alde daudela salatu du ELAk
Mikel Novalek koherentzia eskatu die helegitea aurkeztu duten alderdiei.
Erredakzioa
ELA sindikatuak salatu duenez, pentsioak izozteko erabakiaren aurka helegitea aurkeztu duten alderdi horietako "asko" pentsioak murriztearen alde daude. PSOE, CiU, IU, ICV, CHA, UPyD eta EAJ alderdiek gaur aurkeztu dute helegitea Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Gobernuak kontsumorako prezio indizearen igoera pentsioei ez aplikatzeko onartutako dekretu legearen kontra.
Mikel Noval ELAko gizarte gaietako arduradunak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Bilbon. Horren esanetan, ELA sindikatua pentsioak berrikustearen alde dago, eta orain Mariano Rajoyk eta aurretik Zapaterok hartutako neurriak salatu ditu.
Zapateroren Gobernuak Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako pentsioen erreformak "pentsioak % 30 inguru murriztea eragin zuen", Mikel Novalen arabera.
"Pentsioen erreformaren kontra gaude, eta gai horrekin jolasean aritzen diren alderdien jarrera salatu nahi dugu. Diputatuen Kongresuan pentsioak murriztea onartu duten hainbat alderdik orain horiek murriztearen alde daudela adierazi dute", gaineratu du. Mikel Novalek koherentzia eskatu die alderdi horiei.