Krisi Ekonomikoa -

Marka hautsi du

Bankiak 19.193 milioi euro galdu zituen 2012. urtean

Galera ia 3 milioi eurokoa izan zen urtebete lehenago. Finantza erakundeak esan du 2013. urtea 'hobeto' hasi duela: balantze onbideratua omen du, eta ia 40.000 euroko likidezia.

Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea. Argazkia: EFE
Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea.
Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BFA-Bankia taldeak 21.238 milioi euro galdu zituen 2012. urtean, zergak barne. Talde barruan Bankiak galdu du diru gehien, 19.193 milioi euro guztira. Halaber, erakundeak 26.845 milioi euro bideratu ditu hornidura-funtsetara.

Hibridoen trukea egin ostean, galerak 19.400 milioi eurora murriztea lortu du finantza erakundeak, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak ostegun honetan emandako datuen arabera.

Bankiak errentagarritasuna berreskuratzea espero du 2013an. Horren arabera, balantze onbideratua du, eta ia 40.000 milioi euroko likidezia.

"2013. urtea ondo hasi dugu: balantze onbideratua dugu, kaudimen maila ona, eta likidezia ezin hobea. Erronka bi ditugu: Bankia finantza erakunde errentagarri izatea lortzea, eta gizarteari eman digun babesa itzultzea", azpimarratu du Jose Ignacio Goirigolzarri presidenteak. Bankiaren egoerak hobera egin du azken bederatzi hilabetetan, eta "erakundearen kaudimena ez da herrialde honetako gainerako bankuena baino baxuagoa".

Finantza erakundeen emaitzen aurkezpen ekitaldian, Goirogolzarrik esan du gaur emandako galera datuek ez dutela inor ezustean harrapatu, azaroan iragarritakoaren bat baitatoz.

Bankia diru-laguntza publikoa itzultzeko gai izango den finantza erakunde bakarra izango da, dagoeneko erakunde kaudimenduna eta sendoa baita, Bankiaren presidentearen arabera. Iragarri duenez, 2015ean itzuliko dio Bankiak dirua Estatuari.

Bankiak 1.100 bulego itxi nahi ditu 2013an

Bankiak 1.100 bulego itxi nahi ditu 2013an, baina modu ordenatuan egin nahi du hori. Hala, lehendabizi Madrilen eta Valentzian itxiko ditu bulegoak, hain baitaude bulego gehien. Goirogolzarrik ez du zehaztu bi erkidego horietan zenbat bulego itxiko dituen. Erakundearen helburua urte amaieran Espainia osoan 1.888 bulego izatea da.

Bestalde, Bankiak 4.500 langile kaleratu nahi ditu 2013 amaierarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea