Krisi Ekonomikoa -
2013ko Aurrekontuak
Krisiari aurre egiteko 'larrialdi plana' aurkeztu du EH Bilduk
Beitialarrangoitiaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak jarrera "deitoragarria" mantendu du azken asteetan, planik gabekoa eta "egungo egoerara ekarri gaituzten errezeta berdinak aplikatuta".
Erredakzioa
Krisi ekonomikoari aurre egiteko "larrialdi plana" aurkeztu du gaur EH Bildu koalizioak. Besteak beste, aurrekontuen egonkortasun plana berrikustea proposatu du koalizioak, Euskadiko zorpetze gaitasuna handitzeko helburuarekin.
Leire Pinedo, Marian Beitialarrangoitia, Oskar Matute eta Dani Maeztu legebiltzarkideek agerraldia egin dute Gasteizen, EAEko egoera ekonomiko eta soziala aztertzeko.
Beitialarrangoitiaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak jarrera "deitoragarria" mantendu du azken asteetan, planik gabekoa eta "egungo egoerara ekarri gaituzten errezeta berdinak aplikatuta".
Zentzu horretan, Eh Bilduk "larrialdi plan" bat proposatu du, aurrekontuen egonkortasun plana berrikusteko eskaera eginez.
Horrez gain, azken urteetan "errenta handienen alde" egindako aldaketak bertan behera uzteko erreforma fiskala ere proposatu du koalizioak.
Kooperatiba ezberdinetako eta enpresa txikien eta autonomoen finantziazioa bermatzeko neurriak eta gizarte gastua defendatzeko neurriak ere proposatu dituzte, batez ere "krisia gehien pairatzen ari direnak defendatzeko".
Azkenik, Madriletik datozen "inposaketei aurre egiteko" beharra ere azpimarratu du Eh Bilduk. Rajoyren lan erreforma, murrizketak eta funtzionarioen lan baldintza berriak aipatu dituzte.
Horiek izango dira koalizioaren oinarriak 2013ko Aurrekontuak negoziatzeko, Beitialarrangoitiak azaldu duenez.
Aurrekontuen inguruko eztabaidan zer egingo duten ez dute aurreratu, baina orain arte entzundako guztiak "kezkatuta" utzi dituztela onartu dute. Hala ere, Aurrekontuak ezagutu arte ez dutela iritzirik emango gaineratu dute.