Krisi Ekonomikoa -
BGAE
Itzarrik 42 milioi inbertitu ditzake enpresa txikien maileguetan
Funtzionarioen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak oraindik ez du erabakirik hartu Jaurlaritzak iragarritako enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen maileguen programa dela-eta.
Erredakzioa
Itzarrik, Euskadiko funtzionarioen BGAE borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak, 42 milioi euro ditu eskuragarri enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei maileguak eskaintzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarritako programan inbertitzeko.
Jose Ignacio de Pablo Itzarriko zuzendari nagusiak agerraldia egin du Legebiltzarrean, eta programa horretan parte hartzearen alde agertu da, bankuen eta aurrezki kutxen gordailuak kontratatuz. Edonola ere, argi utzi du erabakia Itzarriren gobernu organoen esku dagoela.
De Pablok azaldu duenez, Itzarrik inbertitzea erabakiko balu, epe laburrena aukeratuko lukete (enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako maileguek 3 epe dituzte; 3, 5 eta 7 urtekoak).
Halaber, finantza erakundearen porrotak lekarrena baino arrisku handiagorik hartuko ez luketela azaldu du, eta mailegu baten inpaktuak inbertsioari eragingo ez liokeela ere azaldu du.
Itzarrik, egun, 108 milioi euro ditu Euskadin inbertituta, bere kapitalaren % 22,5.
Nork hartuko du erabakia?
Itzarri erakundeko ordezkariak honela aukeratzen dituzte: Erdiak Eusko Jaurlaritzak hautatzen ditu, eta beste erdiak ordezkaritza duten zentral sindikaleko kideek aukeratzen dituzte. Halaber, Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak, Itzarri erakundeko presidentea den aldetik, balizko berdinketak hausteko kalitatezko botoa du.
Erkoreka: 'Erabakiak errentagarritasunaren eta estrategiaren araberakoa izan behar du'
Josu Erkorekak gaiaz hitz egin du Eusko Legebiltzarrean, eta adierazi duenez, balizko berdinketa hausteko kalitatezko botoa erabili behar ez izatea espero du.
Erabakia hartzeko garaia heltzen denean, sindikatuetako ordezkariek errentagarritasuna eta estrategia irizpideak kontuan hartuko dituztela uste du.