Krisi Ekonomikoa -

Lan-hitzarmenaren sinadura

Urkulluk 'premiazko laguntza' emango die enpresa txiki eta ertainei

Lehendakariaren esanetan, 300 milioi euroko Enpresa Txiki eta Ertainen Finantziazio Planari esker, 19.000 lanposturi eutsiko diete.

Iñigo Urkullu lehendakaria, lan-hitzarmena sinatzen. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, lan-hitzarmena sinatzen.
Enpresak finantzatzeko ituna izenpetu dute Jaurlaritzak eta erakundeek

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Enpresa Txiki eta Ertainen Finantziazio Planaren baitan emango duten 300 milioi euroko laguntzarekin "beharrezko arnasa" emango dietela 1.800 enpresari eta 19.000 lanposturi eusten lagunduko dutela. Gainera, "300 milioi horiek bukatzen direnean, beste 300 milioi euro jartzeko aukera" egongo dela azpimarratu du.

Lehendakariak Gasteizen egin ditu adierazpenok, Lehendakaritzaren egoitzan, plana ahalbidetuko duen lan-hitzarmenaren sinadura ekitaldian, banketxeekin eta elkarrekiko berme elkarteekin.

Urkulluk azaldu duenez, Jaurlaritzaren "eskuhartzearen helburua, ekonomikoki itota eta eusteko arazoekin dauden enpresei" laguntzea da. "Laguntza horiekin kredituak bermatuko dira", lehendakariak azpimarratu duenez.

Eusko Jaurlaritzaren "lehentasuna" enpresek ateak ez ixtea da, eta "konpromisoa eta ardura" eskatu die "Euskadirekiko eta herritarrekiko". Era berean, enpleguari eusteko enpresa txiki eta ertainetan eskuhartzea "ezinbestekoa" dela adierazi du lehendakariak.

Urkulluk eskerrak eman dizkie egitasmoan parte hartuko duten banku eta elkarteei, izan ere, "hau da krisitik ateratzeko bidea: elkarlana, itunak eta akordioak".

"Jaurlaritzaren bermeari esker, finantza arriskua murriztu egingo da, kredituak baldintza onargarrietan emango dira eta enpresen proiektuak ez dira kolokan egongo", gaineratu du.

Enpresen % 90

Euskal enpresen % 90 enpresa txiki eta ertainak direla eta enpleguaren % 85 bertan dagoela gogorarazi ostean, lehendakariak azpimarratu du egoera "oso zaila" dela, eta "lehentasuna" biziraupena bermatzea eta "itxierak saihestea" dela. "Ixten dituzten enpresek ezin izango dituzte ateak berriro ireki", adierazi du.

Egitasmoan parte hartu duten banketxe eta elkarrekiko bermerako elkarteen parte-hartzeari dagokionez, "lehiakortasuna gainditu eta elkarlanean aritzeko gaitasuna" erakutsi dutela goraipatu du.

Lan-hitzarmenaren sinatzaileak

Kutxabank, Euskadiko Kutxa, Banco Santander, Caixabank, Banco de Sabadell, Banco Popular, Bankinter, Nafarroako Kutxa eta Bankoa dira lan-hitzarmena sinatu duten bankuak. Bestalde, Elkargi eta Oinarri dira elkarrekiko bermerako elkarteak. Era berean, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua eta Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuek ere sinatu dute elkarlanerako hitzarmena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea