Krisi Ekonomikoa -

5,6 milioi euroko zorra

Urduñak egoera larrian dagoela esan eta Aldundiaren laguntza eskatu du

Bizkaiko Aldundiari berehalako inplikazioa exijitu dio Udalak, "herriaren zorpetze maila jasangaitza berak baimendu zuelako".

Urduñako udaletxea. Argazkia: Joaquín Camacho
Urduñako udaletxea. Argazkia: Joaquín Camacho
Urduñako udaletxea. Argazkia: Joaquín Camacho

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urduñako Udala (Bildu) "egoera larrian" dagoela esan du bertako alkateak zorpetze maila dela eta, eta Bizkaiko Aldundiari "premiazko" laguntza eskatu dio.

4.200 lagun inguru bizi dira Urduñan. 5,6 milioi euroko zorra du Udalak eta azken hilabeteetan Aldundiarekin hainbat bilera izan dituzte irtenbide bat aurkitu nahian, nahiz eta oraindik ez diren akordiora iritsi.

Carlos Arranz Urduñako alkateak azaldu duenez, martxoaren 23an aurrekontuak aurkezteko epe legala amaitu zen, baina zorrak (5 milioi euro) ohiko gastuak gainditzen dituenez, aurrekontuen proiektua egitea "ezinezkoa" da.

Hori dela eta, Urduñako Udalak inplikazioa eskatu dio Aldundiari, "herriak duen zorpetze maila jasangaitza berak baimendu zuelako". "Berak onartu ditu zorra eragin duten erabaki arduragabeak eta bere kontrol falta nabarmena izan da", esan du alkateak.

Udalaren eta bizilagunen ahaleginari esker, ohiko gastua milioi bat euroan murriztea lortu dutela nabarmendu du.

Zergak igo direla eta arlo guztietan zerbitzuak murriztu direla esan du, baina "ezin da gehiago murriztu herritarren oinarrizko zerbitzuei kalte egin gabe".

Irtenbide gisa, Bizkaiko Aldundiak Urduñederra udal sozietate publikoaren akzioen % 49 erostea proposatu zutela azaldu du alkateak, baina Aldundiak ez zuen onartu.

Ondorioz, "orain Aldundiari dagokio inplikaziorako bideak zeintzuk diren azaltzea", esan du alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea