Krisi Ekonomikoa -
Eurotaldearen bilera
Interes tipo bateratu bat lortzeko neurriak eskatu ditu Espainiak
Politika ekonomikoan gaizki egindakoa aztertu eta aldaketak egin behar ditu Europar Batasunak, De Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren arabera.
Erredakzioa
Interes tipo bateratua lortzeko neurriak hartzeko eskatu dio Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak Europako Banku Zentralari (EBZ). Horren ustez, Europar Batasunak politika ekonomikoan gaizki egindakoa aztertu eta aldaketak egin behar ditu, munduan hazten ari ez den gune bakarra baita.
Eurotaldeak bilera egingo du gaur Dublinen, eta De Guindos ministroak azaldu duenez, hazkunde ekonomikoa izango da bilera horretako hizpide nagusia.
De Guindosen hitzetan, Espainiako enpresek Europa iparraldeko enpresek baino interes tipo handiagoa ordaintzen dute.
"Diru-politikaren transmisio mekanismoa hautsita dago, eta neurriak hartu behar dira. Europako Banku Zentrala da interesatu handiena, eta hor egongo gara", azpimarratu du.
Euroguneko bankuen batasuna lortzea izan daiteke arazo horrekin amaitzeko neurri nagusia, De Guindosen aburuz. Hala ere, beste hainbat neurri ere proposatu ditu: ikuskatzaile bakarraren figura sortzea, eta bankuak zuzenean kapitalizatzea ahalbidetzea, besteak beste.
Aipaturiko neurri horiek hartuz gero, moneta batasunak hobeto funtzionatuko lukeela iritzi dio.