Krisi Ekonomikoa -
'Escrache'a egiten saiatu dira
Ezker abertzalearen 'sarean' kokatu du PSEk Berri-Otxoak elkartea
Amaya Rojas Barakaldoko zinegotziaren etxean 'escrache' bat egiten saiatu dira elkarteko kideak, eta bertako udal gobernuak (PSE-EE) ''ezker abertzalearen sarearekin'' lotu ditu.
Erredakzioa
Barakaldoko udal gobernuak (PSE-EE) ''ezker abertzalearen sarearekin'' lotu du astelehen honetan Berri-Otxoak elkartea, eta Amaya Rojas Barakaldoko Gizarte ekintzetako zinegotziaren etxebizitzatik gertu escrache bat deituta zinegotzia ''kikildu'' nahi izatea egotzi die. Ohar baten bidez, udal gobernuak ''Rojasen intimitatea hautsi'' nahi izatea salatu du, eta ''ekintza deitoragarria'' izan dela adierazi du.
Barakaldoko Udalean gizarte gaiei zuzendutako laguntzak murrizten diren bitartean gizarte arloko zinegotziak hilean 5.500 euro jasotzen dituela salatzeko elkarretaratzea deitu dute Rojasen etxean, baina Ertzaintzak debekatu egin du ekintza. Ondorioz, Barakaldoko Udalean egin dute protesta Berri-Otxoak gizarte bazterketaren aurka eta gizarte eskubideen aldeko plataformak deituta.
PSEk ''ezker abertzalearen sareko kide'' izatea leporatu die elkarteko horretako kideei, ''elkarretaratzeetan behin eta berriz ezker abertzaleko ordezkariak egoteak agerian uzten duenez''.